Kike Amonarriz: “Euskara eskolara mugatzeak dauzkan arriskuak agerian utzi ditu pandemiak”

Kike Amonarriz: “Euskara eskolara mugatzeak dauzkan arriskuak agerian utzi ditu pandemiak”
2020/10/20 08:50
eta kitto!
"Berrindartu eta jauzi" gogoeta argitaratu zuen Topalabe taldeak uda aurretik. Bi eremu azpimarratzen dira gogoetan bereziki: lan mundua batetik, eta eremu ez formala bestetik. Eta helburu modura, orain arte ezagutzaren hazkundean egindako ibilbidea osatzeko, erabileran jauzi bat egitea. Gogoeta horretaz eta COVID-19ak euskararen biziberritze-prozesuan izan duen eraginaz egingo du berba Kike Amonarrizek urriaren 27an Portalean, AKEBAIk "11 Berbaldi" ekimenaren barruan antolatu duen solasaldian.

Bost urte dira Topalabe taldeak "Berrikasi eta Berriki" gogoeta kaleratu zuela, eta aurten "Berrindartu eta jauzi" dokumentu berria kaleratu duzue Topaberri aldizkariaren 67. zenbakian.
Topalabe taldea Topagunearen inguruan sortu zen orain dela zazpi bat urte, euskararen biziberritzearen inguruan hausnartzeko. Sasoi hartan (2015ean) atera genuen "Berrikasi eta Berrikusi" txostenean ordura arteko  euskararen biziberritze-prozesuaren irakurketa kritikoa egin genuen, eta aurrera begira zein oinarri jarri beharko liratekeen hausnartzen genuen. Ideia gakoetako bat zoru komunarena zen. Iruditzen zitzaigun oso garrantzitsua zela euskararen inguruan genituen amankomuneko puntuak eta adostasunak lantzea, bai eragile desberdinen artean, bai erakundeen artean.

Hurrengo txostena, "Berrindartu eta jauzi" izenekoa, uda aurretik kaleratu duzue. Zer gertatu da bost urte hauetan?
Gauza batzuk oso positiboak izan dira, elkarlanerako aukerak ugaldu egin dira, aurrerapauso asko eman dira, baina puntu kezkagarriak ere azaldu dira. Aurten kaleratu dugun txostena pandemiaren aurretik idatzi genuen eta hor kezka batzuk agertzen dira, ezagutzaren eta erabileraren inguruan. Azken neurketek beheranzko  joera adierazten dute. Txosten horren tesi nagusia da baditugula baldintzak euskararen biziberritze-prozesua berrindartzeko eta jauzi bat emateko.

Jauzi sendo bat emateko garaia azpimarratzen da eta bi eremu aipatzen dira, lan-mundua eta eremu ez formala.
Galdera berriak sortu dira eta pandemiak, gainera, galdera horiek areagotu egin ditu. Galdera gakoa da: zeintzuk dira hurrengo pausoak? Orain arteko biziberritze-prozesuan hezkuntzak eta euskalduntze-mekanismoek izan dute garrantzirik handiena, eta hor jarri dira baliabide gehienak, logikoa zen bezala. Aurrerapauso nabarmenak eman dira: haur eta gazteen euskararen ezagutzaren ia %100era iritsi gara.  Zeintzuk dira hurrengo pausoak? Hor bi esparru definitzen ditugu. Lehen premisa da eskola ezinbestekoa dela euskararen ezagutza hobetzen jarraitzeko; baina eskola ez da nahikoa eta eskolan egiten den lanak eremu ez formalean egiten den lanaren babesa eta laguntza behar du. Jauzi handi bat emateko baldintzak eta beharra dago.

Pandemiak, zentzu horretan, eskola eta euskarari buruzko gauza asko erakutsi dizkigu, ezta?
Pandemiak ere erakutsi digu zein egoera zaurgarrian gelditzen diren haurrak eta gazteak, batez ere zonalde erdaldunetakoak, eskola desagertzen denean. Gure ahulezia batzuk oso agerian gelditu dira: euskalduntzearen biziberritzeak eskolara mugatzeak dauzkan arrisku eta gabeziak, hain zuzen ere. Hori dela eta, haur eta gazteei zuzendutako egitasmo eta zerbitzuen ardura duten erakunde eta eragileei ezinbestean pausoak eman behar direla  adierazi nahi diegu. Horretarako aukera badago.  Ikusentzunezkoen eta teknologia berrien eremu osoan ere euskarak dituen ahuleziak oso nabarmen ikusten ari gara bizi dugun pandemia-sasoian. Alderdi positibo  bat aipatzearren, kohesio soziala zein garrantzitsua den erakutsi digu koronabirusak.

Bigarren esparru nagusia lan-mundua litzateke.
Oso galdera sinplea da: gure haur eta gazteak zertarako ari dira euskaraz ikasten gero ezingo badute lana euskaraz egin? Planteamendu horien inguruan hitz egiten dugu txostenean eta horretaz egingo dugu berba laster Portalean.