Martxan da San Andres Bertso Paper lehiaketa
…eta kitto! Euskara Elkarteak abian jarri du XXXI. San Andres Bertso Paper lehiaketa. Maila bi izango dira: 16 urtetik beherakoena bata, eibartarrei irekia, eta 16 urtetik gorakoa bestea, Euskal Herri osoari irekia. Gaztetxoenen kasuan, bertso bat edo bi kopla aurkeztuko dituzte eta helduek, berriz, lau puntu edo gehiagoko 6 bertso gutxienez eta 10 gehienez (asko jota bi lan). Gaia eta doinuak libreak izango dira. Lanaren 3 kopia entregatuko dira gaitzizenarekin sinatuta, eta gutunazal itxian gaitzizena identifikatzeko datuak (izen-abizenak, bizilekua eta telefonoa). Bertsoak postaz bidaliko dira edo norberak eraman ditzake, beranduenez azaroaren 7rako, ondoko helbidera: …eta kitto! Euskara Elkartea. Urkizu 11 solairuartea. 20.600 Eibar.
Sariei dagokienez, lehenak 300 euro eta txapela eta bigarrenak 250 euro eta plaka eramango ditu. Sarituek azaroaren 28an egingo den San Andres Bertso Jaialdian jasoko dute saria, Coliseon.