Udalak eta Euskaltzaindiak Juan San Martin omendu dute, bere jaiotzaren mendeurrenean

Udalak eta Euskaltzaindiak Juan San Martin omendu dute, bere jaiotzaren mendeurrenean
2022/06/22 eta kitto!
Eibarko Udalak eta Euskaltzaindiak gogora ekarri dute Juan San Martinen jaiotzaren mendeurrena (1922-2022), gaur Eibarren egindako ekitaldian. Asmo horrekin, Euskaltzaindiak idazlearen sorterrian egin du ekaineko bilkura eta ondoren, eguerdian, udaletxeko pleno aretoak hartu duen Ageriko bilkuran, Luis Alberto Aranbarri Amatiño kazetaria eta ohorezko euskaltzaina eta Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoa aritu dira berbetan, aurrenak “Sorlekutik sorlekura” eta hurrenak “Juan San Martinen gaztetako lanak: Zirikadak eta Eztenkadak” berbagai hartuta. Ekitaldiari amaiera emateko, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak Elizanbururen poemak abestu ditu. Oier San Martin “Juanitoren” semeak lora-sorta jaso du Jon Iraola alkatearen eskutik eta Andres Urrutia Euskaltzainburuak, berriz, grabadore bola. Omenaldia biribiltzeko, euskaltzain eibartarraren izena daraman udal liburutegira abiatu dira, bertan urteurrenaren plaka ipintzeko.

jsm1 jsm2 jsm4 jsm5 jsm6