Eva Guerrero, koreografoa: “Publiko gehiago dago orain eta belaunaldi erreleboa egon da”

0    Berriak 
ETA KITTO ETA KITTO
Eva Guerrero, koreografoa: “Publiko gehiago dago orain eta belaunaldi erreleboa egon da”
ETA KITTO 2021, Api 30

Gorpuztu orekaren bilaketaren gaia lantzen duen ikuskizuna da, eta erlijio jakin batzuen une zehatz batzuetan egiten den gorputzaren erabileraren gaineko ikerkuntzatik abiatu zen. Eva Guerrero da ikuskizunaren sortzailea eta Garazi López de Armentia da dantzari bakarra, zuzenean joko duten musikarien laguntzarekin.

 

Erlijio ezberdinetan egiten den gorputzaren erabilera da ikuskizunaren abiapuntua. Nola garatu zenuen ideia?

Garazi eta biok erlijio eta filosofia ezberdinetako praktikanteekin bilerak egin genituen, gorputza nola erabiltzen zuten eta erabilera ezberdinak ikusteko. Sufiekin, budistekin, taoistekin… egon ginen. Niretzat garrantzitsua zen euren mugimenduen kopiarik ez egitea, baizik eta ulertzea, gure gorputzaren filtrotik pasatzea eta eraldatzea. Beste toki batzuetara eramatea, oreka, desoreka, errua, penitentzia eta bestelako kontzeptuak landuz. Ikuskizuna gehiago landu ahala, ikuskizuna erlijiotik aldendu zen eta pertsonen alde arrazionalaren eta animalia-izaeraren arteko orekaren bilaketari buruz jarduten du. Erlijioa ez zitzaidan interesatzen fedearen aldetik, baizik eta gorputzaren erabilerarengatik. Erlijio guztietan erabiltzen da gorputza.

 

Nola erabiltzen dute gorputza erlijioek?

Gorputzaren hiru atali jarri diet arreta batez ere: bizkarrezurrari, eskuen erabilerari eta hankei. Gainera, asko fijatu naiz nola bertikalean egonik jarri edo belaunikatu gaitezkeen.

 

Nola islatzen duzue pertsonen alde arrazionalaren eta animalia-izaeraren arteko oreka?

Ikuskizunak dantzari bakarra izan arren, lau musikarirekin dago eszenatoki gainean. Sortze-prozesuan ideiak proposatu nituen eta elkarrizketa sortu zen gure artean. Argi nuen izakien animalia-izaeraren eta alde arrazionalaren inguruan berba egin nahi nuela eta, lanaren materialek nola eboluzionatu zuten ikusita, ondo ulertzen da dantzariak espazio emozional ezberdinetatik bidaiatzen duela.

 

Zuzeneko musikak nolako ekarpena egiten du?

Publikoari bidaiatzeko aukera ematen dio eta asko laguntzen du emozioen eta energiaren planoan. Ikuskizuneko baliabide guztiak batuz, mapa emozionala sortzen da.

 

Garazi ikuskizuneko dantzari bakarra izanik, nola darama ikuskizunaren zama?

Saioak 50 minutu irauten du eta bera da eszenatokian sartzen den lehena. Antzezle bezala bidaiatzeko aukera du, plano ezberdinenetatik pasatzen delako. Gainera, ikuskizuna patxadaz sortu dugunez, bere gorputzean arrastoa laga duen informazio asko du barneratuta.

 

Lana orain dela bi urte aurkeztu zenutenez, COVID aurreko eta ondorengo sasoiak bizi izan dituzue. Nola ikusten duzue publikoa orain?

Batetik, arraroa da publikoaren aurpegia ez ikustea. Eta bestetik, dantza ez da asko programatu den artea izan eta ustez ez du publikorik. Ondorioz, askok ez dute ezagutzen eta uste dute ez dutela ulertuko, baina artea ez da ulertzeko zerbait. Orain, COVIDarekin, antzerkia da aisialdirako aukera urrietako bat eta publiko gehiago dago ikuskizunetan. Gainera, belaunaldi erreleboa egon da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »