Gipuzkoan berrikuntza sustatzeko eta kirolaren industria eraldatzeko aliantza sendotu du Sportek Hubek
Balio erantsi handiko kirol-industria sendotzeko asmoz sortu zen Sportek Hub, 2021. urtean, eta, ordudanik, inpaktua duen berrikuntza eta negozio, produktu eta zerbitzu berriak bultzatu ditu. Baterako ekimen bat da, eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, BIC Gipuzkoak, Eibarko Udalak eta Donostiako Udalak aktiboki hartzen dute parte bertan, “kirolaren, teknologiaren eta enpresaren ekosistemako beste eragile garrantzitsu batzuekin batera”.
Erakundearteko lankidetza horrek hubaren izaera estrategikoa eta eskualdean duen inpaktua sendotzen dituela nabarmendu dute Hubeko bazkideek. Horrela, bazkide sustatzaileekin batera, hainbat programa eta jarduera garatu dira, eta, haiei esker, 45 ekimen ekintzaile identifikatu eta babestu dira: haietatik 21 merkatuan diharduten enpresa berriak dira gaur egun.
Aste honetan sinatu dute lankidetza-hitzarmen berria Jon Insausti Donostiako alkateak, Jon Iraola Eibarko alkateak eta Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaileak eta, horrela, pauso garrantzitsua eman da Sportek Hub sendotzeko prozesuan.
Protokoloa sinatzeko ekitaldian parte hartu dute, halaber, Sportek Hubek bultzatzen duen ekintzailetza-profilaren erakusgarri diren bi ekimenetako ordezkari hauek: Barbara Quecedo Gladiatrixen bazkide sortzaileak, eta Francesc Paris Optec4Lifeko CEOak.
Jon Iraola Eibarko alkatearen berbetan, “Eibarrentzat, industriarekin, berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin lotura estua duen hiria izanik, Sportek Huben parte izatea aukera bikaina da bide berriak irekitzen jarraitzeko. Emakumezkoen SportsTecharen alde lan eginez, kirol-industria berritzaile, inklusibo eta lehiakorrago bat bultzatzeko aukera izango dugu, eta, modu horretan, aukera berriak sortuko dira Gipuzkoako talentuarentzat eta enpresentzat. Eibarrek prozesu horren parte aktibo izaten jarraitzea nahi dugu, eta lagundu nahi dugu, halaber, Gipuzkoa etorkizuneko kirol-industriaren abangoardian mantentzen”.
Maria Luisa Arriola, BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaileak, bestetik, Sportek Hubek elkargunea izaten jarraitzeko nahaia azaldu du, “baita aukera berriak sortzeko, talentua eta inbertsioa erakartzeko eta inpaktu handiko proiektuak garatzeko plataforma ere, eta, hala, etorkizuneko kirol-industria eraikitzea eta, gainera, kirol-erakundeen lehiakortasuna areagotzeko aukera emango duten teknologia berriak sartzeko plataforma gisa aritzea”.

