Felix Morquecho, kazetari-argazkilaria: “Zaila egiten zait San Andres eguna kamera barik irudikatzea”

Felix Morquecho, kazetari-argazkilaria: “Zaila egiten zait San Andres eguna kamera barik irudikatzea”
ETA KITTO 2019, Ots 18

Eibarko informazioari lotuta eman ditu hogei urtetik gora Felix Morquechok, Diario Vasco egunkarirako lanean. Aurrerantzean, baina, Donostiako erredakzioan jardungo du beharrean, ezustean horretarako proposamena ailegatu eta baiezkoa eman du eta. Gaur astebete hasi da lan berrian eta berarekin berbetan egon gara, herriko kronista modura egindako lanari errepasoa egiteko.

– Noiz eta nola hasi zinen kazetari lanetan?

Beste askoren moduan, Unibertsitatean ikasten nengoela, praktikak non egin ahal nituen begiratzen hasi eta Diario Vasco-k horretarako aukera ematen zuela pentsatu nuenez, eskaera egin nuen. Eta horrela eman nituen bi uda, 1998koa eta 1999koa Eibarko DV-n praktikak egiten. Eta, horretan nengoela, ordura arte lanean zegoen Amaia Rosek laga egiten zuela eta, lanean hastea eskaini zidaten, baietz esan eta horretan jardun dut beharrean, orain arte. Egia esan, uda hori nahiko estresantea izan zen: azken azterketak, praktikak, lanean hasteko proposamena… dena pilatu zen!

– Garbi zenuen idatzizko prentsan jardun nahi zenuela?

Nik ez dut ondo gogoratzen, baina amak kontatzen duenez umetatik esaten nuen kazetaria izan nahi nuela. Edozein modutan ere, behin kazetaritza ikasten hasita, idatzizko prentsak besteak baino gehiago erakartzen ninduela nahiko argi nuen, ez nuen ikusten neure burua telebistan edo irratian lan egiten, horretarako behar den hitz jariorik ez nuen eta beti begitandu zaizkit zailagoak.

– Hasieratik ibili zara albisteak idazten eta argazkiak ateratzen, gauza biak egiten?

Bai, lanean hasi nintzenetik gauza biak egin ditut. Batzuetan herriko gauzei buruz idazteko eskatzen zidaten, beste batzuetan argazkiak egitera joateko, kiroletako albisteak ere idatzi ditut… eta beste batzuetan albistea idaztea eta argazkia egitea, biak batera egitea tokatu zait.

– Izan ere, kazetaria izateaz gain argazkilaria ere bazara.

Ikasketaz kazetaria naiz, hau da, horretarako ikasketak egin nituen. Baina, horrez gain, argazkilaritza betidanik gustatu izan zait. Herri honetako zaletu askok bezala, Udalak urtero Klub Deportibokoekin antolatzen duen ikastaro horretan izena eman eta Jose Valderreyrekin ikasten hasi nintzen. Eta, hortik aurrera, argazki kamara hartu eta gehiago ikasten joan naiz. Izan ere, argazkilaritza gustokoa izateaz gain, kazetaritzan jarduteko baliagarria ere bazela ikusi nuen eta lanean gauza biak uztartzea egokitu zait.

– Eta zertan ibiltzen zara erosoago, idazten ala argazkiak egiten?

Biak gustatzen zaizkit eta bietan ondo moldatu naiz, baina bat aukeratzekotan argazkilaritza gehiago gustatzen zait. Idazteak asko exijitzen duela pentsatzen dut, albiste bat idazteak argazkia egitea baino lan gehiago eskatzen dizula esango nuke. Eta gauza biak egin behar izanez gero, zaila izaten da bietan %100 ematea.

morquecho 1

– Eta zer da zailagoa, albiste bat ondo ematea ala argazki on bat egitea?

Lan ezberdinak dira. Albiste bat idazteko, adibidez, ez da beharrezkoa gertatu den tokian egotea, informazioa hartu eta idatzi daiteke, han egon barik ere. Argazkia egiteko, berriz, han egon behar duzu nahitaez, alde horretatik albistetik gertuago zaudela esango nuke. Ni neu oso eroso ibili naiz beti argazkiak egiten. Gainera, horrenbeste urte eta gero, toki guztietan ezagutzen zaituzte eta horrek beti errezten dizu lana.

– Argazkilaritza gustatu arren, egunkarirako argazkiak eskatu dizkizutenean badago sormenerako tarterik?

Prentsarako argazkiek funtzio informatiboa bete behar dute, beste ezer baino lehen. Hortik aurrera, zuk aukeratzen duzu argazkia nola egin, beti ahalegintzen zara argazkiari zure nortasun marka ematen, baina beti argi izanda argazkiarekin eman beharreko informazio hori ezin daitekeela galdu. Jakina, eguneroko erronka hori izaten da: argazkiak informazioa ematea eta, gainera, estetikari begira irudia ederra izatea. Ideala hori litzateke, argazki batean gauza biak batera egotea.

– Herri guztietan gertatuko den bezala, gurean ere badaude urtero errepikatzen diren hamaika jai eta ekitaldi. Bi hamarkada eta gero, zaila izango da horrelakoetan irudi berriren bat lortzea, ezta?

Egia da urte batetik bestera ia aldatzen ez diren ekitaldi asko daudela, herriko jaiak eta beste hainbat. Horrelako kasuetan beti ahalegintzen zara buruari buelta batzuk ematen zerbait berria lortzeko asmoz, baina azken batean Arrate eguna Arrate eguna da eta, argazkia egiten duzunean, garrantzitsuena egun horren lekuko zarela, bertan zaudela da. Urtetik urtera gauza asko errepikatu arren, argazkiak beti izango dira ezberdinak, beti egoten da aldatzen den zerbait.

– Zergatik zara ezagunagoa, egunkarirako idatzi dituzun albisteengatik ala argazkiak egiteagatik?

Uste dut albisteak irakurtzean badagoela fijatzen den jendea, baina azkenean jende gehienak kalean kamararekin atzera aurrera ikusten zaituelako ezagutzen zaitu. Edozein tokitara joanda ere, badakite egunkarirako argazkiak egiten dituzula.

– Urte hauetan guztietan, badago bereziki gogoratzen duzun albisterik edo unerik?

Ez daukat gogoan bereziki azpimarratzeko moduko ezer. Egia da arrazoi ezberdinengatik pixkat bereziagoak diren gauza batzuk badaudela. Adibidez, istripu bat gertatu denean eta hara joateko esaten dizutenean. Horrelakoetan argazkia egitera joatea ez da batere samurra, batez ere hildakoren bat egon bada, egoera horretan zu zara “gaiztoa”, gainera. Orohar, urte lasaiak izan direla esango nuke. Zerbait aipatzekotan, Eibar foball taldearen maila igoera esango nuke, horren aurretik egindako lanak hartu zuen garrantziarengatik. Maila igo zuenean jende guztia hasi zen argazkiak egiten, baina ez zen gauza bera gertatzen aurretik, horrelakoetan konturatzen zara zein garrantzitsuak diren zuk lehenago egin dituzun argazki horiek.

morquecho 2

– Hogei urte lanean eman eta gero, badakizu zenbat argazki egin dituzun?

Ba kalkulatzen dut 20.000 inguru izango direla. Kontuan hartu behar da hasierako urteetakoak kamara analogikoarekin egindakoak direla, digitalarekin lanean 2001. urtean hasi nintzen, baina orotara hortxe ibiliko da kopurua. Gehienak artxibatuta dauzkat eta horrek ere lana ematen du. Toki batetik kamararekin alde egiten duzula ikustean, askotan jendeak lana amaitu duzun galdetzen dizu eta nik beti erantzuten dut gauza bera: “Hemengo lana bai, amaitu dut, orain etxean jarraitzera noa”. Izan ere, ikusten ez den lan hori ere egin beharra dago eta oso garrantzitsua da, gainera. Edozein argazki bilatu behar duzunerako ezinbestekoa da ondo artxibatuta egotea errez aurkitzeko. Demaseko amorrua ematen du bilatzen zauden argazkia hor dagoela jakin eta aurkitu ezin duzula ikusteak.

– Kazetari modura lanean hasi zinenetik hona, herriko informazioari lotutako aldaketarik ikusi duzu?

Aldaketarik handiena herriko komunikabideetan gertatu da, gaur egun hasierako sasoian baino komunikabide gutxiago dago. Lanean hasi nintzenean herriko telebista bat zegoen, irrati emisora gehiago… horiek desagertzen joan dira eta, horren eraginez, gaur egun herrian sortzen den informazioa gutxi batzuren esku dago, alde horretatik lehen aniztasun gehiago zegoen.

– Herriko albisteen berri ematen dutenen artean, hain zuzen ere, Diario Vasco dago eta askok estimatzen dute hori…

Kazetari moduan nik beti eman diot garrantzia gertuko informazioari, uste dut jende gehienari tokian tokiko albisteak interesatzen zaizkiola gehienbat, etxetik irten eta kalean zer aurkituko duen jakin nahi du.

– Oraindik egun batzuk baino ez dituzu eman lan berrian, baina nolakoa izango da aldaketa?

Hasteko, bakarrik argazkilari modura jardungo dut, ez dut albisterik idatziko. Hori izango da aldaketa nagusia, lanari dagokionez. Eta Donostian lan egiten duten beste eibartar mordoak bezala, autopista primeran ezagutuko dudala, egunero joan-etorrian kilometro asko egitea tokatuko zait eta. Bestela, aldaketa ezustean etorri zait eta gauza berriak egiten hasteko ilusioa daukat. Oraindik oso arraroa egiten zait nire burua San Andres egun batean argazkiak egiten ibili barik irudikatzea.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »