Fran Lasuen, musikaria: “Antzerkian edo zinean musika egiteko prozesua kolektiboagoa da”

Fran Lasuen, musikaria: “Antzerkian edo zinean musika egiteko prozesua kolektiboagoa da”
2021/11/12 eta kitto!
Musika non, Fran Lasuen han. Musikari eibartarrak ia mende erdia darama musikaren munduan murgilduta. Euskal folkaren talde esanguratsuenetan ibili izan da (Izukaitz eta Oskorri), baina bere musikak ez du mugarik. Orain eszenatoki gainean ikusi dezakegu ‘Zuhaitzak landatzen zituen gizona’ antzezlanarekin eta musika jarri dio hilaren 20an estreinatuko den ‘Tarzan tratamenduan’ lanari.

 

Nolako lana da ‘Zuhaitzak landatzen zituen gizona’?

  1. urtean Jean Giono autore frantziarrak idatzitako testuan oinarritutako antzezlana da. Lana argitaletxeen tiraderan gordeta egon zen denbora luzez eta orain dela urte batzuk protagonismoa hartu du. Europan behintzat asko zabaldu den testua da. Sasoiak aldatu egin dira, ingurugiroarekiko sentsibilitateak aldatu egin dira, eta gaur egungo gizartean bere tokia aurkitu du testuak. Izan ere, bere sasoiari aurrea hartu zion testua izan zen. Gorakadak testua egokitu zuen eta Sandra Fernandez Agirre artista handia eta ni neu gaude eszenatoki gainean. Nire kasuan biolinarekin, arrabitarekin eta ahotsarekin.


 

Orduan, zuk ere antzezten duzu?

Bai. 1970. hamarkadaren amaieran hasi nintzen eszena-musikan. Orduan, konposatu eta grabatu egiten nuen gehiago. 2004. urtearen inguruan Tantaka antzerki-taldearekin lanean hasi nintzen musikari eta aktorearenak egiten (aktorearen egiten diot, musikaria naizelako). Orain, 2015etik aurrera eszenatokietan nabil. Gorakada antzerki-taldearekin ‘Moby Dick’ antzezlana egiten hasi nintzen; gero, ‘Ulises’; eta orain, ‘Zuhaitzak landatzen zituen gizona’.

 

Gustora zabiltza aktorearena egiten?

Antzerkiarekin urte askoko harremana dut. Hainbat antzerki-taldetan egin dut lan, antzerki munduan gustora sentitzen naiz eta nahita nahiez zerbait ikasten duzu. Oso gustora nabil.

 

Nolako harrera izan du antzezlanak?

Oso ona! Estreinaldia gaztelaniaz egin genuen Gaztela Leongo Ciudad Rodrigoko azokan, abuztuan. Gero, Durangon egin genuen euskarazko bertsioaren aurkezpena, eta harrezkero Mallorcan eta Euskal Herriko hainbat herritan egon gara, gero berriz estatuko beste herri batzuetan antzezteko.

 

Eibartik pasako zarete?

Urtarrilaren 15ean eskainiko dugu antzezlana Eibarren. Niretzat beti da berezia Eibarren aritzea, beti ematen dio beste puntu bat ikuskizunari.

 

Antzerkiarekin lotuta, ‘Tarzan tratamenduan’ antzezlana prestatzen diharduzu. Nolako lana da eta nolako lana egiten diharduzu bertan?

Kasu honetan antzezlanaren musika konposatzen ibili naiz. Gorakadatik sortutako lantalde batekin gabiltza egiten ‘Tarzan tratamenduan’ eta antzezlan bien zuzendaria bera da, Jose Carlos Garcia portugaldarra, Lisboako Companhia do Chapito talde ezaguneko kidea. Momentu honetan antzezlanari azken ukituak ematen ari gara, 20eko estreinaldiaren aurretik. Antzezlan honetan ez dut zuzenean joko, konposatzen eta soinua lantzen dihardut. Oso ekoizpen interesgarria da eta, gainera, eibartar bat dago aktoreen artean: Irene Hernando. Pianoa jo eta abestu egingo du ikuskizunean. Esan, bestetik, abenduaren 4an Eibarren eskainiko dugula ikuskizuna.

 

Alde handia dago musika antzezlan baterako edo disko baterako lantzeko orduan?

Gauza ezberdinak dira, ez dute zerikusirik. Norberaren lanean ibiltzea askoz ere prozesu bakartiagoa da. Ostera, antzerkiaren edo zinearen munduan musika egiteko prozesua kolektiboagoa da. Gauzak behar den bezala egiteko, taldearekin batera egon behar zara lehenengo momentutik. Testua, zuzendaria eta aktoreak ezagutu behar dituzu, eta entseguetan hasieratik egon behar zara. Entseguak aztertu egin behar dituzu eta guztiz murgildu behar zara bertan. Nahiz eta taula gainean ez egon, ordu asko sartu behar dira. Eztabaida asko egon behar da eta, gainera, hartzen diren erabakiak ez dira norberarenak. Musika eszenikoek zuziri lana egiten dute. Izan ere, musikari bezala lanean bazabiltza ere, ez da zuretako zerbait, beste produktu baterako egiten duzu lan. Azken produktua antzerki pieza da, ez zure abestia edo konposaketa. Baloreak ezberdinak dira eta zu horretarako zaude. Gainera, konposaketak denbora-, espazio- eta ekintza-eszenikoetara moldatu behar dira. Antzezlanetan musikarien lana argiztapenekoen edo jantzitegikoen lana bezain garrantzitsua da, beste elementu bat gehiago da.

 

Antzerkiko lanez aparte, baduzu beste proiektu musikalik esku artean?

Nazioarteko banda batekin biran nabil. ‘Duintasunezko bira’ du izena eta Kurdistan, Armenia, Argelia, Flandria eta Euskal Herriko musikariak gabiltza. Irakeko eta Siriako errefuxiatuei laguntzeko proiektua da.

 

‘Mugarik gabeko musikariak’ elkartearekin zerikusia du proiektuak?

‘Mugarik gabeko musikariak’ elkartearekin kanpaina bat egin genuen, instrumentuen bankuaren kanpaina, baina ‘Duintasunezko bira’ independentea da. Abenduaren 9an Zamoran egongo gara eta, gero, Espainiako beste toki batzuetatik ibiliko gara.

 

Euskal Herria ekarriko duzue?

Momentuz ez dugu ezer zehaztu, baina badaude konfirmatu bariko data batzuk. Izango duzue horren berri.

 

Jatorri ezberdinetako musikariak batu zarete proiektuan. Musikak mugak gainditzen ditu?

Bai. Topikoa da, baina egia da era berean. Urtebete baino gehiago daramagu elkarrekin eta oso gustora gabiltza. Elkarlanak bere fruituak eman ditu eta Daeshek suntsitutako eskola batzuk berriztu ditugu egindako lanari esker, besteak beste.

 

Arlo musikalari begira, jatorri ezberdinetakoak izanda, ikusi duzue zuen arteko antzekotasunik?

Azken neurrian, munduko musiketan, hurbildu ezkero, galaxia asko daude, eta galaxia horretan antzeko ikuspuntuak aurkitzen dira. Nahiz eta jatorri ezberdinak eduki, ondo moldatzen gara. Esperimentuak egiten ditugu eta momentuz ondo atera dira.

Fran Lasuen