Gaur aurkeztu dute astelehenean hasiko den Asier Errasti Eibarko XX. Film Laburren jaialdia

Gaur aurkeztu dute astelehenean hasiko den Asier Errasti Eibarko XX. Film Laburren jaialdia
2019/10/29 eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute "Asier Errasti" film labur jaialdiaren XX. edizioa Portalean Patxi Lejardi Kultura eta Euskara zinegotziak eta jaialdia antolatzen duen Plano Corto elkarteko Oscar Lopez de Zubiria, Natalie Hickey eta Koldo Carranzak. Azaldu dutenez, edizio honetan, guztira, 171 film labur jaso dira. Horietako 158 fikziozko atalean lehiatuko dira eta beste 13 lanak, berriz, animaziozkoak dira. Hizkuntzari dagokionez, gaztelerazko lanak dira gehienak: euskeraz 7 film labur aurkeztu dituzte eta beste 14 atzerriko hizkuntzaren batean. Aurten ez da Eibarko lanik jaso eta, beraz, sari hori eman barik geratuko da. Bestalde, antolatzaileen berbetan, “gai sozialak dira aurtengo protagonista nagusiak: genero indarkeria, zahartzaroaren ondorioak, haurren begirada eta bidegabekeria soziala modukoak landu dira gehienbat”.

Jaialdia azaroaren 4tik 9ra bitartean egingo da, Coliseo antzokian: proiekzioak azaroaren 4tik 8ra bitartean egingo dituzte, 20:00etan hasita, eta jaialdia agurtzeko gala berezia, berriz, azaroaren 9an izango da, 19:30etik aurrera. Sarrera doakoa izango da. Azaroaren 4an (astelehena) ondorengo film laburrak eskainiko dira: Subway, El cuento, Naqam Diamond, Patchwork, Mirokutana, Incógnito, Khuruf eta Antxoni. Azaroaren 5ean, berriz, #Mensajes de voz, Ipdentical, El jarrón, La Noria, Hotzean garbitu, Amargo era el postre eta El primer día ikusi ahal izango dira. Azaroaren 6an Yo confieso, Nana, Casa de citas, Soy una tumba, Pil pil, La noche de las sombras, Un cuento al revés, Una mujer completa eta Hopes. Azaroaren 7an Dudillas, Mi hermano Juan, Pizza, Monster walking, Multibertsoak, Cerraduras, Fin eta Ama. Eta azaroaren 8an Los pasajeros del viento, Snorkel, Tu día de suerte, I wish, Beldur Malutak, Happy Friday, 9 pasos, Caligrafía eta Moros en la costa.

Sari-banaketa ekitaldia, berriz, azaroaren 9an izango da, 19:30ean Coliseoan hasiko den gala berezian eta bertan Asier Errastiri omenaldia egingo diote eta, gainera, berari buruz egin duten dokumentala emango dute. Ekitaldia Lorea Arakistain kazetari eibartarrak aurkeztuko du, Nerea Ariznabarreta eta Mikel Areitio aktoreen laguntzarekin.

Aurten, berritasun gisa, umeendako proiekzio berezia antolatu dute: azaroaren 16an (zapatua), 11:00etan Portaleko areto nagusian "A zer nolako heroiak" izenburukoa emango dute (euskeraz). Kasu honetan ere sarrera librea izango da eta, gainera, filmarekin zerikusia duen material didaktikoa banatuko dute.