"Soka, Euskal Dantzaren Urratsetan" erakusketa, gaurtik aurrera Biharrian Dantzan-en ikusgai

"Soka, Euskal Dantzaren Urratsetan" erakusketa, gaurtik aurrera Biharrian Dantzan-en ikusgai
2019/10/31 eta kitto!
Gaurtik hasita eta abenduaren 15era arte Eibarren izango dugu "Soka, Euskal Dantzaren Urratsetan"  izeneko erakusketa, Biharrian Dantzan-en egoitzan (Ubitxa 16-18 behea). Erakusketa multimedia honek 150 metro karratutan euskal dantzari begirada zabal eta sakona eskaintzen dio, 400 bat ilustrazio (artxibo bideoak, elkarrizketa zatiak, soinu zatiak eta artxibo irudiak), zazpi bideo sorkuntza original, 14 ukipen-pantaila, formatu handiko 7 HD telebista, 6 koadro digital, 15 ordenagailu eta 9 irakurgailuren bitartez, eta lau hizkuntzatan: euskeraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez.

Erakusketa Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak produzitu dute eta Biarritzen, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Maulen, Baionan, Zarautzen, Getxon, Bordelen eta Pauen izan da, besteak beste, ikusle arrakasta handiz leku guztietan. Egoitza nagusia Eibarren duen Dantzan elkarteak ere parte hartu zuen erakusketaren edukien prestaketan eta orain Gipuzkoako Diputazioaren laguntzarekin Kezka, Dantzan eta EmePebo5t-en egoitza berrian, Dantzan Biharrian-en ikusi ahal izango da erakusketa sei astez. Astelehenetik barixakura, 09:00etatik 20:00etara zabalduko dute eta zapatu, domeka eta jai-egunetan, berriz, 11:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara.

Bisita-gidatuak eta jarduerak

Erakusketa zabalik dagoen bitartean eskolekin eta taldeekin hitzorduak adostu eta bisita-gidatuak eta egokitutako jarduerak eskainiko dira (kezka@dantzan.com). Horrez gain, honako ekitaldiak izango dira:

- Azaroak 4, astelehena, 19:30ean

Soka erakusketaren irekiera ekitaldia eta bisita-gidatua Oier Araolazaren (Kezka dantza taldea eta Dantzan) eskutik.

- Azaroak 21, eguena, 19:30ean

Soka erakusketara bisita-dantzatua Patxi Labordarekin (Aiko taldea eta Bilbao Musika).

- Abenduak 12, eguena, 19:30ean

Sorkuntzaren Soka, euskal dantza, tradizioa eta sorkuntzaren inguruko gogoeta saioa Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Arregirekin (Argia eta Ikerfolk).