Miren Martinez, kooperantea: “Nik zerbait eskaini baino, ikasketa bat izan da niretzat”

Miren Martinez, kooperantea: “Nik zerbait eskaini baino, ikasketa bat izan da niretzat”
2019/11/29 eta kitto!
Miren Martinez abuztuan joan zen Perura, Egoaizia eta CIPCA Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) Piura eta handik hiru ordutara dagoen mendilerroan dituzten proiektuak gertutik ezagutu eta ahal den heinean laguntzeko. Hiru hilabete ondoren, azaroaren 5ean, etxera itzuli da eta esperientzia eta jakintza asko ekarri ditu motxilan. Beste mundu bat ezagutu du Perun, alboratu ezin den errealitatea.

 

- Zein izan da zure eginbeharra Perun?

Kooperazio proiektu bat ezagutzea eta ahal nuenean laguntzea zen nire betebeharra. Eta, horrez gain, euren kultura, antolaketa politiko eta territoriala (hemengoarekin alderatuta oso ezberdina), eta beste hainbat gauza ezagutzea. Egoaizia eta CIPCAren proiektuak hiru osagarri ditu (hezkuntza, haurtzaroa eta ingurunearen kudeaketa) eta han dauden bost langileekin arlo guztiak lantzen ibili naiz, guztiak direlako interesgarriak. Adibidez, El Naranjo izeneko toki batera joaten ginen herritarrei hondakin solidoen bereizketarako programa azaltzeko. Honen bitartez, hondakinak banatu egiten dira eta birziklapenaz arduratzen den enpresa bati saltzen zaizkio. Horrela, gutxi bada ere, diru pixka bat lortzen dute. Komunitateak eragile bat aukeratzen du familiak kontzientziatzeko eta birziklatu behar dena zer den azaltzeko. Jendea kontzientziatzea lortu dute eta egiten duten auzolana oso polita iruditzen zait. Baina dena ez da polita. Interes politiko asko dago eta, horren ondorioz, proiektuak ez dira aurrera ateratzen batzuetan.

- Motza egin zaizu hiru hilabeteko egonaldia?

Bai. Bi urteko proiektua da eta 2018an hasi zen. Beraz, proiektu amaieran iritsi naiz eta atzean dagoen lan handia nolakoa den ikusi dut. Langileak Piurakoak dira eta proiektuak Piuratik hiru ordutara daude, baina zapatu eta domeketan lanean jarraitzen dute. Demaseko lana egiten dute.

- Perura joan aurretik prestatu egin zinen?

Proiektuaren gainean gauzak irakurri nituen eta Egoaiziako Liernirekin ikastaro bat egin nuen kooperantea izatea zer den jakiteko. Nik zerbait eskaini baino, ikasketa bat izan da niretzat.

- Sasoi nahasia bizi da Hego Ameriketan azken aldian. Zerbait igarri duzu?

Han nengoenean Martin Vizcarra Peruko presidenteak kongresua itxi zuen eta hainbat martxa egon ziren. Heldu berria izanik, zaila zen ondo jakitea zer gertatzen zen.

- Eurentzat berebizikoa da Egoaizia bezalako GKEen laguntza?

Laguntza ekonomikoa behar dute gutxienez, ez dutelako baliabiderik. Egoaizia eta CIPCAk lan egingo ez balute, ez luke inork egingo.

- Zure ustez zeintzuk dira han dituzten behar handienak?

Hezkuntzaren kalitatea, ur-sistemak eta birziklapena hobetzea.

- Zer egin daiteke hemendik laguntzeko?

Gutxienez, arazo sozialen inguruan geure burua sentsibilizatzea eta Egoaizia bezalako proiektuak laguntzea.

- Zer ikasi duzu esperientzia honetan?

Asko harritu nau hango jendearen jarrerak. Gauzak ondo irteten ez baziren ere, pozik eta motibatuta jarraitzen zuten beti. Oso lan neketsua egiten dute eta oso jarrera positiboarekin egiten diote aurre.