1. TXANGOA: Jardiñeta-Arrajola-Sosola-Amaña

1. TXANGOA: Jardiñeta-Arrajola-Sosola-Amaña
2021/04/02 eta kitto!
Ibilera polita, autoa hartu barik egin daitekeena. Martxaren norabidea ere aldatu dezakegu, eta Amañatik irten Jardiñetan amaitzeko. Hasteko puntuetara, gainera, Jardiñeta izan edo Amaña izan, eskilara mekanikoetatik hel gintezke. Eta pasatuko ditugun bi baserrietan iturria dugu (tratatu gabeko urarekin). Ibilera Jardiñetatik abiatuta zehaztuko dugu, batez ere norabide horretan eginda igoerako desnibelak malguagoak direlako

Jardiñetara gerturatuko gara eta, Institutuaren eskumara dauden eskilara mekanikoak hartuta, Arrateko errepidera igoko gaituen pasealekura helduko gara. Errepidea gurutzatu eta, Milafloresera doan bidea hartuta, txango horretako desnibel handiena gaindituko dugu.

Milafloreseko etxeak atzean lagata, hormigoizko pista zabal eta eroso batean sartuko gara eta, galtzeko inolako arriskurik gabe, Arrajola baserrira helduko gara. Geldialdia egin dezakegu haren atzealdean dagoen iturritik edateko.

Ordura arteko ibilibidearen noranzkoari jarraituz, baserria atzean lagako dugu eta beste pista zabal batetik, oraingo hau lurrezkoa, jarraituko dugu. Baserritik 200 bat metrora egurrezko langa ikusiko dugu ezkerrera, jaitsiera leuna eskaintzen digun bide argi batera paso emango diguna. Bertatik jaitsiko gara, jarraian Arrajola eta Sosola baserriak banatzen dituen Abontzako (Legarre) errekastoa gurutzatzeko.

Ibilbidearen zati handiena baso zonalde hori guztia zeharkatzen duen harrizko kaltzada ikusgarriak hartuko du. Hor gozatzeko aukera izango dugu hainbat zatitan bide horrek erakusten duen egoera bikainarekin.

Sosola baserrira heltzerakoan, gure aurrean landetxe bat bezalakoa ikusiko dugu. Pixka bat lehenago eskumara joko dugu eta, handik metro gutxi batzuetara, ezkerrean dagoen bidexkan sartuko gara (Sosola adierazten du kartelak). Horri jarraituz baserriaren ondoan dagoen hormigoizko pistara iritsiko gara; eskumarantz hartuko dugu, bertatik igotzen jarraitzeko. Hori bai, aurrera jo baino lehen komeni zaigu agroturismo hori bisitatzea. Hor ere iturria badugu, bertakoek egiten duten gazta ekologikoa saltzen dute eta aukera izan dezakegu, zortea badugu eta labealdi batekin kointzidituz gero, baserriko ogia dastatzeko.

Jaitsiera erosoa amaieran
Orain leun-leun igotzen doan hormigoizko pista zabalean gaude, eta ibilera atsegingarria egingo zaigu, eskaintzen digun bistei esker. Bi etxe paretik pasatuko gara (Sosolaberri eta Aritxuluetaberri), euren baratz eta lorekin, eta pistatik jarraituko dugu igotzen. Hor adi egotea komeni zaigu, etxe horietatik 500 bat metrotara (15 bat minutura) ezkerrera izango dugun egurrezko beste langa bat pasatu beharko dugulako, hortik abiatuta pinudian sartu eta jaitsieran joango den bidea hartzeko. Erraza da aurkitzea, etxetik horraino egurrezko lehenengo langa delako; aurretik metalezko beste bi edo hiru lagako genituen atzetik.

Hortik aurrerakoak, jaitsi eta jaitsi, erosoa izateaz gain (badago desnibel pixka bat tarte batzuetan), zuzen eramango gaitu Amañako eskoletara. Lokatza lagun izan dezakegu aurreko egunetan euria izan bada. Azken tarte hori, dena dela, ikusgarria egingo zaigu duen edertasunarengatik, oso baso askotarikoa eskaintzen digulako: gaztainondoak, urkiak, haritzak, etb. Behaketarako espazio ezin ederragoa gure begietarako.

FITXA TEKNIKOA
Distantzia: 4,5 km. Pilatutako desnibela: 250 m. Denbora: Ordu eta erdi/bi ordu
Gomendagarria da botekin edo markatutako zoladun zapatilekin joatea, aurreko egunetan euria izan bada lokatzarekin aurkitu gintezkeelako