10.000 lagun izan dira udan kanpoko igerilekuetan

10.000 lagun izan dira udan kanpoko igerilekuetan
2020/09/11 eta kitto!
10.000 aldiz ireki ondoren, itxi dituzte kanpoko igerilekuetako ateak. Aurreko urteetan baino jende gutxiago ibili da, baina egoerak hala agintzen zuen. Igerileku sasoia ohi baino geroago hasi da, neurri bereziekin, baina uda lasaia izan da Ipuruan. Datorren urtean bainujantzia, toalla eta krema eramatea nahikoa izan dadila, maskara barik.

 

Hitzordua hartu beharra, gel-hidroalkoholikoa sarreran, margotutako partzelak zelaian... kanpoko igerilekuetara joatea esperientzia berria izan da aurten. Ateak zabaldu aurretik Eibarko Kirol Patronatuak hainbat neurri zehaztu zituen jende pilaketak ekiditeko asmoz eta, jendearen erantzuna eta agerraldirik egon ez dela ikusita, helburua bete egin dela esan daiteke.

Sasoi honetan 11.555 lagunek hartu dute txanda igerilekura joateko, 6.335 uztailean eta 5.020 abuztuan, baina 9.653 lagun joan dira azkenean, 5.499 uztailean eta 4.154 abuztuan. Aurreko urteekin alderatuz zifra baxuak dira, baina kontua izan behar da egunean lau txanda ezarri direla eta txanda bakoitzean 100 lagun inguru bakarrik sartu zitezkeela.

 

Arauak errespetatuz

Kirol Patronatukoek Arantxa Marcos eta Hector Gisasola sorosleek udan bizi izandakoa igorri digute. “Jendeak arauak errespetatu ditu orokorrean”. Hasieran jendeari gehiago kostatu zaio, “ohitura hartu arte”, baina gero ondo moldatu da, salbuespenak salbuespen.

Segurtasun distantziari eusteko asmoz, lurrean partzelak margotuta egon dira eta, sorosleek diotenez, batzuei kostatu egin zaie neurri hori errespetatzea. “Jende nagusiari kostatu zaio batez ere, umeak oso ondo moldatu dira egoera berrira. “Maskaren erabilerarekin ere kontu handiz ibili behar izan dugu. Izan ere, maskara partzelan edo bainatzerakoan bakarrik kendu zitekeen”.

 

Hitzordua: alde onak eta txarrak

Aro berri honetan herriko kiroldegietako instalazioak erabiltzeko egin behar den bezala, txanda hartu behar izan da igerilekura joateko eta, Kirol Patronatukoen berbetan, “nahiko ondo joan da”.

Herrian horrelako zerbait egiten den lehen aldia izanik eta, bat-batean gainera, alde horretatik fintzeko kontuak egon daitezke, baina alde onak eta txarrak ikusten dizkiote neurri honi. “Batetik, kexetako bat izan da jendeak ez duela txandak ezartzen duen denbora baino gehiago igerilekuan egoteko aukera izan. Baina bestalde, alde ona da hitzordua eginez gero igerilekuan lekua izango duzula ziur”.

 

Koronabirus arrastorik ez

Kanpoko igerilekuak koronabirus bariko lekuak izan dira, ez delako igerilekuekin zerikusia izan duen agerpenik izan. Beraz, neurriak ondo bete dira.

Kirol Patronatukoek diotenez, gainera, ikerketen arabera uretan kutsatzea baxua da. Hori dela eta, jendea estalitako igerilekua beldur barik erabiltzera animatu nahi dute.