110 milioi urteko bidaia domekan Geolodiarekin

110 milioi urteko bidaia domekan Geolodiarekin
2022/05/06 12:20
eta kitto!
Espainiako Geologia Elkarteak Geolodia ekimena jarriko du martxan asteburuan eta hainbat ekintza egingo dituzte toki ezberdinetan. Debabarrenean, adibidez, Elgoibarko, Soraluzeko eta Eibarko (Azitain industria-gunean) arroka bolkanikoak, orain dela 110 milioi urtekoak, ezagutzeko ibilbide geologikoa egingo da domekan, 09:00etan euskaraz eta 10:00etan gazteleraz.

 

Jon Errandonea geologian doktorea da, EHUn ikerlari bezala dabil lanean, bolkanismoan aditua da eta Geolodia ekimenaren bultzatzaileetako bat da hemen inguruan. “Geologiari publizitatea emateko ekintza da Geolodia”, esan digunez. Domekan, Ainhoa Alonso geologia irakaslearekin batera, 110 milioi urteko bidaia eskainiko digu, muturren aurrean ditugun arroken jatorria azalduz.

Geolodiaren ibilaldiak Elgoibar, Eibar eta Soraluze zeharkatuko ditu, eta parte-hartzaileak arroka bolkanikoen artean ibiliko dira. Bai, ondo irakurri duzue. “La Palmako uhartean gertatutakoak denon ahotan jarri ditu sumendiak eta, hemen arroka bolkanikoak bistan ditugula aprobetxatuz, orain dela 100 milioi urte inguru Euskokantauriar arroan gertatutako erupzioei eta bolkanismoari buruz jarduteko aprobetxatuko dugu”, Errandonearen berbetan.

Geolodia1

 

Elgoibarren, Eibarren eta Soraluzen

Euskaraz egingo den ibilaldia 09:00etan hasiko da Elgoibarko hilerriaren inguruan. “Egitura igneo bat ikusi daiteke bertan, nahiko sakona, eta ganbara magmatikoa ikusiko dugu. Hau da, lurrazalean magma likidoa egoten den gordailua”, azaldu digu geologoak.

Elgoibartik Azitainera joango dira, Teknikerrera (Akondia eta Kalamua inguruan ere, besteak beste, arroka bolkanikoak ikusi daitezke). “Sakonera txikitzen joango gara eta, bertan, aipatutako ganbaratik labak lurrazalera bidean lekua nola irekitzen zuen ikusi ahal izango dugu, dike batzuen bitartez”, dio doktoreak, “eta toki berean erupzio oso leherkorrak egon zirela adierazten duten metakin batzuk ere badaude”.

Ibilbidearekin amaitzeko Soraluzera joango dira. “Lurrazalera (sasoi horretan ur azpian) atera ziren laba batzuk ikusiko ditugu bidegorrian”, diosku Errandoneak. “Beraz, sakonera handitik txikira joango gara, arroka bolkanikoak eta egitura ezberdinak ikusiz”.

Geraleku bakoitzean geologo biek azalpenak emango dituzte eta, bistan dagoena azaltzeaz gain, testuingurua ere esplikatuko dute. “Horrela, jendeak muturren aurrean dituen arrokak beste modu batean begiratzea espero dugu. Mendira goazenean landareak eta abar ikustera ohituak gaude, baina arrokek ere badute informazioa”, Errandonearen berbetan.

 

Euskokantauriar arroa

Eibar, edo ingurune hau behintzat, “ingurune tropikala” zen orain dela 100 milioi urte, Errandoneak esan digunez. “Irla edo kontinente txiki batzuk zeuden eta tartean itsasoa, sakonera txikikoa toki batzuetan, baina segidan sakonera handira sartzen zena”, dio geologian doktoreak.

Iberiako eta Europako plakak banatuta zeuden eta, apurka-apurka urrundu egin zirenez, bien artean zegoen itsasoaren azpiko kontinente-lurrazala gero eta gehiago mehetu zen. “Nahiz eta lurrazal ozeanikoa ageri arte hemen ez zen lurrazala guztiz zabaldu, magmatismo bat eman zen eta labak atera ziren”, azaldu digu labur.

Hori guztia ez zen egun batetik bestera gertatu. “Bolkanismoa 110 milioi urtetik 80 milioi urtera gertatu zen gutxi gorabehera. Harrezkero, hemen inguruan ez da horrelako aktibitaterik gertatu. Orain toki lasaian bizi gara zentzu horretan”, zehazten du Errandoneak.

Lasaitasun horrekin, bolkanismoaren lekuko izan ziren arrokak ikusi eta ukitzeko aukera dugu. “Arroka bolkaniko ezberdinak daude. Batzuek behatz edo lobulu itxura dute, egitura biribilduak izaten dira, ilunagoak normalean, mota zuriak dituzte… Nahiko deigarriak dira”, argitu digu geologoak. Beraz, hurrengoan zabaldu ondo begiak, 110 milioi urteko bidaia egin dezakezue eta.

Sin título01