2. TXANGOA: Karabieta-Azkonabitxa-Asurtza-Karabieta

2. TXANGOA: Karabieta-Azkonabitxa-Asurtza-Karabieta
2021/04/12 eta kitto!
Oraingoan proposatzen dugun ibilbidea, eibartar batentzat baino gehiagorentzat ezustekoa ekarri arren, Elgetan egitekoa da hasieratik amaierara. Karabietatik hasita, Azkonabitxako (Azkonabieta ofizialki) gainera igoko dugu eta, Asurtzatik pasatuta, zirkular dotorea eginez Karabietara itzuliko gara. Itzulerako bide horretan iturri bat izango dugu zain. Ibilerari eskaini diogun ordena, jakina, aldatu daiteke eta kontrako norabidean gauzatu.

Txango honi hasiera emateko, Eibar eta Elgeta lotzen duen errepidearen gorenean dagoen Karabieta mendatera joango gara. Eibartik abiatzen bagara ez ahaztu garraio publikoaren aukera.Karabietan gure ezkerrera dugun pista hartuko dugu (Eibar-Elgeta zentzuan) eta, igoera errazean, komunikazio-antena batera eramango gaitu. Ezkerrera, ondo markatutako bidezidorrak Azkonabitxako (728 metro) gainera bideratuko gaitu. 160 bat metroko desnibela besterik ez dugu gainditu. Han buzoi polit bat izango dugu ere Klub Deportiboko gure txartela lagatzeko.

Jaitsierari ekingo diogu heldu garen bidetik beste alderako bidezidorra hartuta, eta bertatik jaitsiz beste pista batera iritsiko gara, linea elektrikoko beste dorre baten ondoan. Bertatik jaisten jarraituta, hurrengo bidegurutzean ezkerrera joko dugu eta handik gutxira Beixuzabal izenez ezagutzen den eremu zabalera iritsiko gara, dorre elektriko gehiagorekin. Egun argia bada, han urrunean Aralar mendilerroa identifikatuko dugu, Txindokiren gaina nabarmentzen dela. Gure ezkerrera biratuta, ia 180 gradutan, beste pista bat hartuko dugu bertatik eta, inongo arazorik gabe, Arraotzeko muinora iritsiko gara; hor ere linea elektrikoko beste dorre handi batek identifikatuko digu puntu hori. Hortik jaisten jarraituko dugu eskumara dagoen errepide estua hartzeko eta, hamar minutu baino gutxiagotan, Asurtzako baserrien parean izango gara.

GR-121 bidearen inguruan
Behin horra helduta, baserrien ondotik baina haiek gurutzatu barik, errepidea laga eta ezkerrera dagoen pista hartuko dugu, metro gutxi batzuetara gure ezkerrera Santiagoko ermita ikusteko. Gure aurrekoek diotenez, ospetsuak ziren santuaren egunean bertan egiten ziren erromeriak.

Pista beretik gorantz, zuhaitzik gabeko eremu zabal batetik jardungo dugu, bista ederrekin gozatzeko aukerarekin: Kalamua, Arno, Karakate, eta abar. Goian altzifre baso batera helduko gara eta, segidan, ezkerrera dugun pista hartuko dugu; zuzen jotzen badugu, hamar minuturen bueltan Galdaramiñoko (664 m.) gainera iritsi gaitezke, ondoren aurreko puntura bueltatzeko berriro.

Hartutako pistatik aurrera, desnibelik gabeko bidetik, Arraotzeko muinora itzuliko gara. Pixka bat lehenago pista lagatzeko aukera izango dugu, horrela bidezidor bat hartu (bihurgune batean) eta, eskumatik jaitsita, muinora doan bidea zertxobait laburtzeko.

Behin muinoan gaudela, gure ezkerrera ikur zurigorriez (GR-121, Gipuzkoara itzulia) markatutako bidea ikusiko dugu eta, horiei jarraituta, Karabietara helduko gara bueltan. Azken zati horretan iturri bat dago eta Egoarbitzako erpin berezia erakusten diguten panoramikak ere gure aurrean izango ditugu.

FITXA TEKNIKOA
Distantzia: 6,6 km.
Pilatutako desnibela: 400 m.
Denbora: Bi ordu/bi ordu eta erdi