214 erreklamazio eta 1.742 kontsulta jaso zituen iaz Eibarko KIUBek

214 erreklamazio eta 1.742 kontsulta jaso zituen iaz Eibarko KIUBek
ETA KITTO 2021, Ots 05

Gehiengoak bidaiak bertan behera geratzeagatik egindakoak izan ziren. Erreklamazioen atalean, ugarienak telefonia-zerbitzu, energia-hornidura eta banketxeekin lotutakoak izan ziren.

Berrikuntza nabariena Covid-19ak eragindako ezohiko egoeragatik arreta-kanalak nabarmen aldatu direla izan da: telefonoa eta modu telematikoa nagusitu eta arreta pertsonalizatua murriztu.

KIUBek egindako urteko balantzearen arabera, iaz egindako 1.742 kontsultetatik, 339 bakarrik egin ziren zuzenean bulegoan (2019an 1.304 izan ziren), Interneten, aldiz, 481 (aurreko urtean 359). Gainera, oro har, eta, pandemiaren ondorioz, kontsulta kopurua ere jaitsi egin zen, 2019an 2.056 egin ziren eta iazko urtean 1.742.

Pandemiak eraginda, eta ezarri diren mugikortasun-murrizketak direla-eta, bidaiak bertan behera lagatzeagatik egindako erreklamazioak izugarri hazi dira, egindako kontsulta guztien %16,23, hain zuzen.

Azpimarratu beharra dago, halaber, Administrazio Publikoaren zerbitzuei buruzko kontsultek izan duten gorakada, %4,43rekin, eta baita aseguruei buruzko zerbitzuen gainekoek, portzentaje bera izan baitute. Banketxeei buruzkoak ere ugari izan dira, %4,24rekin; eta zerrendari amaiera emanez, energia merkaturatzen duten enpresei buruz % 6,09 kontsulta egin dira.

Eibarko KIUBek 2020an beste erreklamazio batzuetan ere egin du bitartekaritza-lana, besteak beste: kirol establezimenduetako zerbitzuak, edateko uraren banaketa, altzarien salmenta eta beste arlo ugari, 214 osatu arte.

Azkenik, azpimarratu behar da kexen eta erreklamazioen informazio, konponbide eta tramitazioaz gain, Eibarko KIUBek trebakuntza lana ere egiten duela, baina joan zen urtean ezin izan zela egin pandemiagatik.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »