'Marea Gora' hitzaldi-zikloaren hirugarren edizioak maila goreneko hizlarien saioak eskeiniko ditu astero
Esperientzia Eskolaren 18. promozioaren eskutik, Marea Gora hitzaldi-zikloaren 3. edizioa abiatu berri da. Aurreko urteetan bezala, interes sozial eta kulturaleko gaiei buruzko hitzaldiak antolatu dituzte. Saio guztiak eguaztenetan izango dira, 19:00etan, Debako Kultur Elkartean, eta sarrera librea da. Datorren astean (uztailak 9) Debako Arte Eskola, sorkuntza, eztanda eta Haur Adierazpen Tailerra izenburukoa emango dute Jose Mari Larramendik eta Mikel Mendizabalek; uztailaren 16an Xabier Irigoien Aztiko zuzendari zientifikoak Zenbat arrain daude itsasoan? (Ekosistema mesopelagikoa, argi pixka bat itzalen gainean) izenekoa emango du; eta uztailaren 23an Gizartearen psikiatrizazioa eta etorkizunera begirada izenburuari jarraituko dio Imanol Querejeta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko erretiratua, EHUko irakasle elkartua eta hedabideetako kolaboratzaile ohiak. Jarraian ikus dezakezue egitaraua, xehetasun gehiagorekin.
Uztailak 9: “Debako Arte Eskola. Sorkuntza, eztanda eta Haur Adierazpen Tailerra"
- Hizlariak:
Jose Mari Larramendi Parisko Unibertsitatean Filosofian, Soziologian eta Antropologian hezitako soziologoa. Hainbat hamarkadatan askotariko proiektu sozial, kooperatibo eta kulturalak gidatu ditu. Debako Arte Eskolako zuzendaria izan zen, baita Eroski taldeko zuzendaritzako kide ere ia hogeita hamar urtez.
Mikel Mendizabal hezitzailea eta kultur dinamizatzailea. Debako Arte Eskolan eta Haur Adierazpen Tailerraren sorreran aritu zen lanean, Larramendirekin batera.
Hizlarien testigantzak oinarri hartuta, solasaldian Debako Arte Eskolaren historiaz eta espazio horrek izandako eraginaz ariko dira. Horrez gain, Deban 1970ean egin zen Haur Adierazpeneko Tailerrean bizitako esperientziak partekatuko dituzte.
Uztailak 16: “Zenbat arrain daude itsasoan? Ekosistema mesopelagikoa, argi pixka bat itzalen gainean” (Gaztelaniaz)
- Hizlaria:
Xabier Irigoien AZTIko zuzendari zientifikoa eta ozeanografoa. Hainbat ikerketa proiektutan aritu izan da lanean mundu osoan zehar.
Itsaspeko munduaren funtzionamendua azaltzeaz gain, itsasoa zaintzeak daukan garrantziaz eta gizarteak zeregin horretan duen arduraz eta erantzukizunaz hitz egingo du solasaldian.
Uztailak 23: “Gizartearen psikiatrizazioa eta etorkizuna” (Gaztelaniaz)
- Hizlaria:
Imanol Querejeta Donostia Unibertsitate Ospitaleko psikiatria zerbitzuko langile ohia, EHUko irakasle elkartua eta kolaboratzailea hainbat komunikabidetan.
Hitzaldi honetan bizitzako erronka emozionalei buruz ariko da aditua eta, bide batez, buruko osasuna zaintzeko hainbat gomendio emango ditu.