Adinekoen egoitzetan bisitak egin daitezke, nahiz eta senideak beste udalerri batean bizi

Adinekoen egoitzetan bisitak egin daitezke, nahiz eta senideak beste udalerri batean bizi
2020/10/28 18:23
eta kitto!
Herrietatik ateratzeko debekua ezarri du Jaurlaritzak, baina debekuak ez die eragiten egoitza-zentroetara bisitak egitera joaten diren pertsonei. Horrela, egoiliarrek bisitak jasotzen jarraitu ahal izango dute, nahiz eta haien senideak beste udalerri batean bizi, baldin eta egoitzan bertan agerraldi aktiborik ez badago. Bisitak segurtasun-neurri guztiak zorroztuz egiten jarraituko dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak uste du bisitak “ezinbestekoak” direla egoiliarrentzat; horregatik, bisitak bermatzen jarraitzearen alde egin du, eta dagoeneko zirkular bat bidali da zentro guztietara, esanez bisitak Eusko Jaurlaritzaren 36/2020 Dekretuaren salbuespenen artean daudela, mendekotasuna duten pertsonen laguntzarekin eta zaintzarekin lotuta baitaude.

Gipuzkoan 65 egoitza-zentro daude, eta adinekoentzako 5.425 plaza. Gaur egun, erabiltzaileen artean COVID-19 kasu positiboak daude honako zentro hauetan: Hernaniko Santa Maria Magdalena (1), Bergarako Mizpirualde (4), Donostiako Alai-Etxe (20), Berra (8), Lamourous (23), Hermano Garate-San Ignacio (1), Txara II (2) eta Zorroaga (5), Zumarragako Argixao (8), Zumaiako Otezuri (1) eta Errenteriako Jesus Bihotza (1). Beraz, 74 COVID-19 kasu positibo daude Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen artean.Sei dira ospitale-arreta behar duten eta ospitaleratuta dauden pertsonak, eta beste 49 Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko bi zentroetan ari dira artatuak izaten, Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan eta Ordiziako San Jose zentroan. Abuztuaren 11n lehen positiboa atzeman zenetik, 87 adinekok gainditu dute gaixotasuna eta 41 pertsona hil dira.