Aldundiak Gipuzkoan barne turismoa sustatzeko kanpaina abiarazi du

Aldundiak Gipuzkoan barne turismoa sustatzeko kanpaina abiarazi du
ETA KITTO 2020, Uzt 01

Gipuzkoa Passport izenburupean, udako turismo kanpaina jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Pasaportea Gipuzkoako turismo bulego guztietan dago eskuragarri dagoeneko, eta bertan herrialdeko turismo eta aisialdi eskaintza jaso dute. Hain zuzen ere, guztira, 50 planeko zerrenda osatu dute.

Gipuzkoa Passport gure lurraldeaz gozatzeko gida bat da, “urte sasoi honetan bizi izan ditugun une magiko horiek gogoratzeko”.  Webgunea ere kaleratu dute, eta han askotariko zerbitzuak nahiz informazioa eskura daiteke.

Lurraldeko 32 turismo bulegoetako harremanetarako informazioa eskaintzen da, eta norberaren hamar plan gustukoenak prestatzeko atala ere badago. Horrez gain, pasaporteak zigiluak jartzeko gune bat du. Zigilu horiek Gipuzkoako saltokietan, ostalaritza lokaletan eta museoetan eskuratuko dira. Pasaportea osatzen duten lagunek aitortza jasoko dute sare sozialen eta martxan jarri duten webgunearen bidez. Gainera, kanpainarekin batera, Gipuzkoa Turismoko sare sozialen bidez –Instagram, @gipuzkoaturismoa; Facebook, Gipuzkoa Turismoa; eta Twitter, Gipuzkoaturismo– bi argazki eta kontakizun lehiaketa egingo dira, eta sariak banatuko dituzte.

Planak egiteko eta esperientziak bizitzeko aukera ematen die Gipuzkoak herritarrei, Imanol Lasa Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu duenez. “Benetako altxorrak ditugu etxetik gertu, eta une ezin hobea da horiek guztiak ezagutzeko”. Haren arabera, “erantzun kolektiboa” eskatzen duen une kritikoan merkataritza, ostalaritza edo lehen sektorea suspertzeko apustua “sendoa” da, “betiere kalitatezko turismo eredu iraunkor eta orekatu baten aldeko apustua mantenduz”.

pasaportea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »