#AlertaHoria kanpaina abiatu du DYA Gipuzkoak jendeari laguntza eskatzeko

#AlertaHoria kanpaina abiatu du DYA Gipuzkoak jendeari laguntza eskatzeko
2020/07/09 eta kitto!
DYA Gipuzkoak #AlertaHoria kanpaina jarri du martxan gipuzkoarren bazkide kopurua eta dohaintza ekonomikoak areagotzeko asmoz. Izan ere, konfinamendu-aldian egindako jarduerek kalte ekonomiko handia ekarri diote irabazi asmorik gabeko elkarteari eta herritarren elkartasuna eta babesa inoiz baino gehiago behar ditu DYA Gipuzkoak: “Alarma-egoera deklaratu eta konfinamendua hasi bezain laster, elkarteak bere baliabide guztiak herritarren zerbitzura jarri zituen, azken 45 urteotan edozein larrialdi gertatu den bakoitzean egin ohi duen bezala. Erakundeen laguntza barik ere, DYA Gipuzkoak 50.000 maskara baino gehiago banatu ditu probintzia osoan zehar, 10.500 ordu baino gehiago eman ditu boluntariotzan, 40.000 kilometrotik gora egin ditu esku-hartzeetan, 1.700 test baino gehiago egin dizkie arrantzaleei eta 15.000 dei baino gehiago egin ditu telefarmazia zerbitzurako, besteak beste”.

Elkarteak garatzen dituen jarduera guztiak gipuzkoarren ekarpenekin finantzatzen dira eta, egoera ekonomikoa ahula dela eta, herritarrei laguntza eskatzeko ipini dute martxan #AlertaHoria kanpaina. Laguntza horiek bideratu eta egiten dutenaren berri emateko webgunea sortu dute eta, nahi izanez gero, Bizum bidez ere eman daiteke dirua, 38071 zenbakian.

1973an sortua, DYA Gipuzkoak hainbat arlotan garatzen du bere lana eta probintzian zehar 13 ordezkaritza dauzka. 500 boluntario baino gehiago eta 30.000 bazkide laguntzaile aritzen dira bertan.