Aspace Gipuzkoaren 50. urteurreneko erakusketa ibiltaria ikus daiteke Untzagako jubiletxean

Aspace Gipuzkoaren 50. urteurreneko erakusketa ibiltaria ikus daiteke Untzagako jubiletxean
2022/06/22 eta kitto!
Atzo aurkeztu zuten “50 urte inklusioa bermatzen” Aspace Gipuzkoaren 50. urteurreneko erakusketa ibiltaria, Untzagako jubilatuen egoitzako erakusketa aretoan. Hernaniko Orona Eraikinean hasi eta orain arte, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Irungo Palmera Montero eraikinean, Intxaurrondoko Kultur etxean, Bergarako Agorrosin Kiroldegian, Arrasateko Kulturaten eta Eskoriatzako Kanpuseko Dorleta eraikinean ikusi ahal izan den erakusketa Eibarren ikusteko moduan izango da datozen egunotan, ekainaren 23tik uztailaren 4ra arte.

Aspace Gipuzkoa-tik azaldu dutenez, “erakusketaren kolaboratzaile nagusia Orona Fundazioa izan da. 24 panelez osaturiko erakusketak, modu didaktiko eta pedagogikoan, garun-paralisia duten pertsonen errealitatea, beren ingurune pertsonal eta familiarra eta elkartea erakusten eta balioesten dituzten balioak azaltzen ditu. Ibilbidean zehar Aspace Gipuzkoa zer den, bere 4 interes-taldeek (erabiltzaileak, familiak, profesionalak eta boluntarioak) duten garrantzia, elkarteak lurraldean duen eragina, eskaintzen dituen zerbitzuak eta historia ezagutuko ditugu”.

Erakusketa parte-hartzailea
Elkartea kokatua dagoen Gipuzkoako udalerri bakoitzeko zentro eta ikastetxeek beraien panela egin dute, elkarteari eta haren helburuei dagokien gai bat ardatz hartuta. Andoainek, Arrasatek, Beasainek, Bergarak, Donostiak, Eibarrek, Eskoriatzak, Irunek, Urretxuk eta Tolosak gai hauek landu dituzte: arreta goiztiarra, proiektu komunitarioa, parte-hartzea, ingurunearekiko harremana eta komunikazioa, hezkuntza-proiektua, garun-paralisia duten pertsonen eskubideak, eguneko zentroaren eredua, pertsonen bizikidetza etxebizitzetan, komunikazio-laguntzak eta kirol egokitua.

Ibilbide honen bidez, 1971. urtean sortu zenetik elkarteak egiten duen lan handia ezagutu ahal izango du bisitariak.

aspace