Astelena frontoiko txertaketa-gunea itxiko dute etzi eta Eibarko Ospitalea izango da txertaketa-puntu berria

Astelena frontoiko txertaketa-gunea itxiko dute etzi eta Eibarko Ospitalea izango da txertaketa-puntu berria
2021/09/28 eta kitto!
Euskadiko goi-errendimenduko txertaketa-guneak itxi egingo dituzte aste honetan, biztanleriaren %90ek gutxienez dosi bat jarri ondoren. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur goizean adierazi duenez, hilaren 30ean itxiko dira txertaketa-guneak eta ESI (Erakunde Sanitario Integratua) bakoitzari txertaketa-puntu berri bat ezarriko zaio. Horrela, Debabarreneko ESIren kasuan, Astelena frontoiko txertaketa-gunea itxi egingo dute eta Eibarko Ospitalean jarriko dute txertaketa-puntu berria.

Aurrerantzean, txertoa jartzeko hitzordua duten guztiei (dela lehenengo dosia jartzeko dela bigarrena jartzeko) osasun-zentroetan edo tarteko puntuetan emango zaie arreta, dagokien osasun-antolamenduaren arabera. Hitzordua hartzeko unean, webgunearen edo telefonoaren bitartez, kokapen berriaren berri emango zaie.

 

Osakidetzan neurriak arinduz

Osasun sailburuak adierazi duenaren arabera, Euskadi beste une batean dago pandemiari dagokionez eta, ondorioz, Osakidetzak Lehen Mailako Arretako presentzialtasuna areagotzeko urratsak ematen jarraituko du. Une hauetan, presentzialtasuna %50 ingurukoa dela eta helburua urte-amaierarako %65era iristea dela esan du. Hau da, pandemiaren aurretiko zifrara.

Osakidetzak honako neurriak hartuko ditu pixkanaka:

  • Osasun-zentroek dagoeneko ez dute COVID eta ez-COVID banaketarik izango. Biztanleriari ohiko osasun-zentroan emango zaio arreta.

  • Pazienteen eta profesionalen segurtasuna babesteko, arnasketa sintomatologia dutenei eta, beraz, COVIDarekin bateragarriak diren sintomak dituztenei ordutegi-tarte zehatzetan emango diegu arreta. Helburua da arreta presentziala izatea eta gainerako pazienteetatik bereizita.

  • Pandemian jarritako arkitektura-oztopoak kentzen hasiko da, edukiera handitzeko. Proba diagnostikoak egiteko moduluak, manparak, barne-zirkuituak edo itxarongeletako zigiluak kenduko dira, besteak beste.

  • Pazienteak laguntzailearekin joan ahalko dira.

  • Web-orriaren bidez aurretiko hitzordua hartzeko sistema berria diseinatuko da, presentzialtasun handiagoa izateko eskaerari modu antolatuan eta seguruan erantzuteko.