Azken orduan 9 kasu berri atzeman dira EAEn, bakarra Gipuzkoan

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Azken orduan 9 kasu berri atzeman dira EAEn, bakarra Gipuzkoan
ETA KITTO 2020, Eka 17

Gaur Osasun Sailak argitaratu duen txostenaren arabera, PCR bidez atzemandako koronabirus kasuak 9 izan dira EAEn, atzo baino 4 gutxiago. Gipuzkoan zein Araban kasu bakar bana atzeman dute, Donostian eta Gasteizen. Bizkaian 7 izan dira erregistratutako positibo berriak (4 Bilbon, 2 Leioan eta bat Portugaleten). COVID19-ak Eibaren izan duen eboluzioari begiratzen badiogu, 216 dira metatutako edo pilatutako positiboak, eta azken lau egunetan ez da kasu berririk atzeman (azkena ekainaren 12koa da).

Debabarreneko ospitaleetako datuei dagokienez, Eibar Ospitalean 3 pertsona daude ingresatuta (atzo bat bat gutxiago) , eta 2 Mendaroko Ospitalean.

Orain arte, 1.601 hildako izan dira guztira (beste 5 erregistro atzoko egunean). Gogoan izan behar da heriotzen datuak azken 60 egunetan PCR positiboa izan duten pertsonei egiten diela erreferentzia.

Horrez gain, COVIDa izan duten edo daukaten 13 pertsona daude ZIUn, atzo baino 3 gutxiago.

Argi esan zuen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Bai, alarma egoera bukarazteko prest nago». Azken orduko aldaketarik ez bada, ostegun gauerdian amaituko da hirugarren fasea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta aurreikusi baino hiru egun lehenago helduko da «normaltasun berria». Bitartean, «ezer ez dela okertuko» espero du lehendakariak.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »