Baserritarrei eta Merkatu Plazari babesa adierazteko Plazara! manifestua aurkeztu dute

Baserritarrei eta Merkatu Plazari babesa adierazteko Plazara! manifestua aurkeztu dute
2020/10/26 eta kitto!
Gure herriko elkarte eta jarduera ezberdinak ordezkatzen dituzten 42 lagunek babesten duten “Plazara! Eibarko herriaren manifestua Merkatu Plazaren alde” aurkezteko ekitaldi publikoa aurreikusita zegoen arren, azken egunotan COVID-19k eragindako egoerak okerrera egiten zuela ikusita, aurkezpena bertan behera laga eta manifestuak jasotzen duena prentsaren bitartez ezagutzera emateko erabakia hartu dute. Manifestua bultzatu duten herritarrek diotenez, hori egiteko arrazoi nagusia “baserritarrei eta urte guzti hauetan Merkatu Plaza bizirik mantendu dutenei” babesa adieraztea da eta, horregatik, eibartar guztiak animatu nahi dituzte manifestuarekin bat egitera eta, horretarako, sinadurak bilduko dituzte. Oraingoz Merkatu Plazan laga dituzte sinadurak biltzeko orriak eta, nahi izanez gero, errebal.com web orrian sartuta dokumentua jaitsi eta inprimatu daiteke, behin sinadurak bilduta Merkatu Plazan bertan entregatzeko. Laster toki gehiagotan sinatzeko aukera egongo dela eta horien berri aipatutako helbidean emango dutela aurreratu dute. Horrez gain, sinadurak biltzen lagundu nahi izanez gero, errebal@gmail.com helbidera idatzi daitekeela adierazi dute. Jarraian manifestua osorik irakur dezakezue, babesten dutenen zerrendarekin batera:

Plazara! Eibarko herriaren manifestua Merkatu Plazaren alde


Azaroan beteko dira hamahiru urte Errebaleko Merkatu Plaza behin-behineko plazara lekualdatu zutenetik. Aurretik Merkatu Plazak izandako gainbeherari erantsi zitzaion ez zela denentzat lekua egon plaza probisional haretan. 14 postu pasatu ziren Rialtora, Errebalera itzultzeko aginduaz. Gaur egun 4 baino ez daude, gainontzekoak hutsik geratu direlako.

Baserritarrek, adinduak gehienak, hamaihuru urte igaro dituzte kale gorrian. Plazako postuen itxierak eta irteerak, baserritar batzuen erretiroak, pairatu duten utzikeriak eta kontsumo ohituretan jasandako desplazamenduak kolpe gogorra izan da euren jardueran.

Orain, Merkatu Plazatik irten eta hamalau urteko probisionaltasun horretan, gure herriko agintariek ez diete Plaza berrian lekurik segurtatzen!! Aldi baterako joan ziren behin-behineko plazara, Errebalera bi urtean itzultzeko!!

Ez da gure asmoa urteotan izandako nahaspilaren inguruko iritzirik ematea. Besterik gabe, Eibarko herriak eta eibartarrok merezi dugun Merkatu Plaza aldarrikatu nahi dugu, urteotan bizirik mantendu dutenei bizkarra eman gabe.

Ondorioz, Eibarko herriak Merkatu Plaza duina merezi duelako, ondorengo mezua zabaldu nahi dugu lau haizetara eta eibartar guztiak gonbidatu berarekin bat egin dezaten:

- Elkartasuna adierazten diegu urteotan Merkatu Plaza bizirik mantendu dutenei. Lekua merezi dute plaza berrian.

- Eibartarrei dei egiten diegu aldarrikapen honekin bat egin dezaten eta bere kontsumo-ohituretan bertako produktoreen alde egin dezaten.

- Eibarko Udalari eskatzen diogu beharrezko prozedurak abiatu ditzala Merkatu Plaza bizirik mantentzeko, inor kanpoan laga barik.

Manifestua babesten dute: Iñaki Alberdi, Carmen Apellaniz, Jesús Mari Agirre, Oier Araolaza, Maite Arroitajauregi, Maite Aperribay, Ernesto Barrutia, Serafin Basauri, Arrate Berasaluce, Karmele Etxeberria, Esther Galarza, Eneko Garetxana, Aitor Gorosabel, Antxon Gutierrez, Jesús Gutierrez, Josu Ibargutxi, Lourdes Izagirre, Mikel Larrañaga, Juan Mari Lejardi, Haritz Lete, Maite Lorenzo, Imanol Magro, Manix Mandiola, Elena Martin, Amaiur Mayo, Antxon Narbaiza, Leire Narbaiza, Miren Narbaiza, Iñaki Osoro, Txomin Osoro, Pello Osoro, Eva Perez de Albeniz, Iker Saenz de Zaitegi, Asier Sarasua, Markel Susaeta, Joxe Mari Ulazia, Zaloa Urain, Aitziber Urkiola, Ane Urkiola, Patxi Usobiaga, Javi Zabala, Xabi Zubizarreta.

[video width="1080" height="1920" mp4="https://etakitto.eus/wp-content/uploads/2020/10/VID-20201023-WA0007.mp4"][/video]