Bertako produktuak gertuko establezimenduetan

Bertako produktuak gertuko establezimenduetan
2021/11/26 09:16
eta kitto!
Eibar eta inguruko elikagai-ekoizleek ez dute lan samurra. Gero eta supermerkatu handi gehiago dituen herrian tokia aurkitu behar dute maitasun handiz ekoitzitako produktuak saltzeko. Zorionez, herriko denda txiki batzuek, aspaldikoak izan edo orain dela urte gutxi sortuak izan, urte hauetan zehar eskainitako kalitateari eusteko asmoz eta, bide batez, elkarri laguntzeko, inguruan ekoitzitako produktuak eskaintzen dituzte. Hain zuzen ere, horrek bereizten ditu beste negozioetatik: produktua ondo ezagutzea, kalitatezkoa izatea eta inguruan ekoiztua izateak ematen duen konfiantza.

Artikulu honetan bertako produktuak saltzen dituzten herriko zenbait denda eta jatetxe aipatuko ditugu, baina gehiago dira inguruko ekoizleen elikagaiak saltzen dituztenak. Eman buelta bat herrian zehar eta aurkitu zure gustokoena. Merezi du.

 

Belardenda bat baino gehiago da Itxesi. 30 urte inguru daramatza bezeroen osasuna zaintzeko eta hobetzeko aukerak ematen, eta elikadura- (lekaleak, pastak, pureak, algak...) eta kosmetika-produktuak eskaintzen ditu horretarako, beste gauza espezifikoagoak saltzeaz gain. Gainera, ongizatearen bidean bezeroei hobeto laguntzeko, dietetika-zerbitzua ere eskaintzen du, besteak beste.

Itxesin eskaintzen diren zenbait produktu nahiko bereziak dira eta Eibar inguruan ez dago horrelakorik ekoizten duen inor, baina barazkiak, fruta eta ogia bertakoak dira. “Aspalditik daramagu bertako ekoizleen fruta eta barazkiak ekartzen. Eibartik, Bergaratik... Ogia ere hemen egindakoa da, Sosolan, hain zuzen ere”, esan digute Itxesin. Eta ez hori bakarrik, inguruko beste produktu batzuk ere badituztelako; eztia, adibidez.

Ibarkurutze fruta-dendak ez daramatza martxan Itxesik beste urte, baina Jonek eta Oihanek konfiantzazko eta maitasunezko tratua dute bezeroekin, bizi guztia bertan egon izan balira bezala. Euren eskaintzan bertako produktuek garrantzi berezia dute, batez ere barazkiek. “Sumendixa baserriko porruak edukitzen ditugu, ziazerbak... eta momentu batean ez badituzte, daukanari hartzen dizkiogu”, kontatu digu Jonek. Izan ere, logikoa denez, sasoian sasoikoa ekoizten dute bertako ekoizleek. “Batek ez duenean besteak du, orduan merkatu plazako beste batengana joaten gara. Normalean plazan egoten diren baserritarrekin egiten dugu tratua”, zehazten digu.

Elikagaiak munduko beste puntatik ekartzea geroz eta errazagoa den sasoi honetan, herritik bi pausura ditugun ekoizleen produktuak eskaintzeko hautua egiten du Ibarkurutzek. Horrela, harreman zuzena dute eurekin eta hartu-emana errazagoa izaten da, bitartekariekin ibili beharrean. “Harreman zintzoa dugu. Elikagai bat amaitu behar zaiela ikusten dutenean, esan egiten digute eta beste baten bila hasten gara. Askotan euren artean komentatzen dute eta eurek lortzen dituzte alternatibak”, diosku Jonek.

Ahal duten elikagai guztiak bertako ekoizleengandik jasotzen dituzte Ibarkurutzen, baina fruta-dendako eskaintza zabala denez, batzuetan kanpora jo behar dute. Hori bai, ez oso urruti. “Adibidez, alkatxofak, neguko karduak... ez dira hemen ekoizten, eta Nafarroako jendearekin egiten dugu tratua”, diosku dendariak.

Jonek esan digunaren arabera, bertako produktuak ekartzea ez da gertukoari laguntzeko keinu soila. “Produktuen kalitateari dagokionez, ez dago kolorerik. Bertako porruen eta Almeriatik datozenen (den-denak berdinak direnak) artean ez dago kolorerik, jaterako orduan asko igartzen da”, dio zintzo. Bezeroek asko baloratzen dute arlo hori. “Askotan gertatzen da bertako produktu bat amaitzen dela eta horren ordez kanpotik ekarritako zerbait dugula dendan, baina bezeroek ez dute eramaten”, diosku irribarrez. “Bihar ekarriko duzu?”, galdetzen diote, “ba bihar etorriko naiz”.

Kontserben prezioei dagokienez, badago aldea bertan edo kanpoan ekoitzia izan. “Gabonetan eta horrelako data berezietan gehiago erosten dira bertakoak, baina egunerokoan besteak gehiago, nahiz eta kalitatearen aldetik badagoen aldea”, aitortzen du Jonek. “Barazkien kasuan, ostera, prezio aldetik ez dago ia alderik, produktu puntualetan bakarrik”.

Ogia ere, noski, bertakoa dute, Sosolakoa. “Martitzen eta eguenetan ekartzen dugu. Hori bai dela ogia, lehen egiten zen moduan egindakoa”, amaitzen du.

 

Haragian kolorerik ez

Urkizu kaleko Mugika harategian, haragia saltzeaz gain, kontserbak, arrautzak (Eusko Label), edariak, lekaleak, gozokiak eta beste hainbat gauza saltzen dituzte. Eta ez hori bakarrik, zenbait lehiaketatan txapeldun izan dira ere (2019an XXII. Euskal Herriko Txistorra Lehiaketan bigarren saria eraman zuen eta XXI. Gipuzkoako Odoloste Lehiaketan, berriz, bosgarrena).

Mugika ikur da Urkizun eta eskaintzen dituen produktuek dute horren errua neurri handi batean. “Haragiari dagokionez, hemengo txekorrak dira denak, Euskal Herrikoak.

Gero, Egotzako gazta ere saltzen dugu, Mausitxakoa, Beizamakoa, hiru Idiazabal gazta ditugu eta Gorbeiako bestebat”, azaldu digu harategiko Aitorrek. “Bestetik, udan Loixola baserrikoen tomatea eta bestelako produktuak saltzen ditugu”, gehitzen du.

Aitor baserrikoa da eta ondo ezagutzen du nolakoa den baserri mundua. Beraz, harategira zerbait ekarri behar duen momentuan beti begiratzen die bertako produktuei. “Alde batetik, elkarri laguntzearen kontua dago; eta bestetik, produktuen kalitatea. Hemengo txekorraren edo kanpotik datorrenaren artean alde handia dago. Adibidez, batzuetan kanpotik ekarri behar izan dugu hemen ez zegoelako, eta asko igartzen da”, aitortzen duenez.

Harategia hornitzeko, Mugika harategian ez dute arazo larregirik izaten bertako produktuekin. “Inguruko lau baserrirekin eta txahalak hazten dituzten bi abeltzain indartsurekin egiten dut lan batez ere. Ia denbora guztian berdinekin nabil tratuan”, azaldu digu. “Gero, beste ekoizle batzuk ere etorri izan dira produktuak eskaintzen, baina toki murritza dugu dendan”, dio esker onez.

Mugikak bezala, Oberena harategiak ere urte asko daramatza martxan, Bidebarrieta kalean euren kasuan. Eusko Label okela eskaintzen dute eta, ondorioz, Euskal Herriko baserrietatik hornitzen dira. “Animalia hemen jaio, hazi eta hildakoa izan behar da”, azaldu digute harategian.

Oberenak abeltzain batekin du tratua aspalditik eta ganadua falta zaionean inguruko beste batera jotzen du (Zestoako Urkaiko hiltegiko komertzialaren bitartez, kasu honetan). Dena dela, inguruko herrietatik ekarritako okela izaten da (Deba, Bergara...). Ekoizleekin harreman zuzena dute Oberenan, konfiantzazkoa, eta bezeroek igartzen dute.

Bertako produktuekiko konpromisoa du Oberenak, bai haragiekin bai harategian eskaintzen dituzten barazkiekin. “Merkatu plazako baserritarrekin lan egin izan dugu beti eta, harremana izaten jarraitzen dugunez, porruak, piperrak eta bestelako produktuak ekartzen dizkigute, sasoiaren arabera, harategian saltzeko”, azaldu digute.

Aipatu ditugun beste saltzaileek esan digutena berresten digute Oberenan: “Bertako produktuen kalitatea askoz ere handiagoa da”. Bezeroek ondo dakite hori eta, harategian komentatu digutenez, “inguruko ekoizleek ekartzen dizkiguten produktuak ondo saltzen dira eta bezeroek errepikatu egiten dute”.

Haragiaz eta barazkiez gain, Mausitxa, Xoxote eta Mallabiko gaztak era aurkitu daitezke Oberenan, besteak beste.

 

Bertako elikagaiak dastatzen

Bertako elikagaiak erosteko aukera edukitzeaz gain, eurekin landutako jaki ederrak dastatzeko aukera dugu herriko zenbait jatetxetan. Bertako produktuek protagonismoa dute herrian prestatzen diren zenbait platerretan eta Baratze jatetxean, hain zuzen ere, indar berezia ematen diete bertako produktuei.

Herrian zerbait ezberdina eskaintzeko asmoz zabaldu zituen ateak Baratzek eta horretarako ez du munduko beste puntara joan beharrik izan. Bertako produktuekin eta sasoian sasoiko eskaintzarekin, guretzat hain ezagunak diren zaporeei beste ukitu bat eman diete.

Inguruan aurkitu ditzakegun produktuek eta herriko elikadura-ekoizleek egiten duten lanak duen balio handiaren erakusle da hori. Betikoa eta bertakoa, betikoa eta bertakoa izanagatik, ez da beste edozer baino gutxiago, guztiz kontrakoa. Gure esku dago bertako produktuei behar den balioa ematea eta horiek ekoizten dituztenei benetako aitortza ematea. Ikusi dugunez, badugu hori non egin. Aprobetxatu dezagun.