Bihar garraiobide publikoetan banatuko dituzten maskarak erabilera bakarrekoak dira eta ez dute kutsatzea saihesten

Bihar garraiobide publikoetan banatuko dituzten maskarak erabilera bakarrekoak dira eta ez dute kutsatzea saihesten
2020/04/13 eta kitto!
Bihar, asteartea (apirilak 14), Pedro Sanchezen Gobernuak emandako 494.000 maskara banatuko dira EAEko garraiobide publikoetan. Zeregin  horretan Babes Zibileko, DYAko eta Gurutze Gorriko boluntarioek jardungo dute. Koronabirusaren aurkako babes neurri gehigarri bat da. Hala ere, hainbat gauza hartu behar dira kontuan, Segurtasun Sailak aitortu baitu maskarak ez direla erabat eraginkorrak.

Maskara higieniko "ez-sanitarioak" dira. Zelulosaz eginak daude eta gure listuaren partikulak gure inguruan barreiatu ahal izatea saihesten dute. Hala ere, Covid-19ren aurka babesteko duen gaitasuna mugatua da. Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak azaldu duenez, "Ez dute kutsatzea saihesten". Katearen mailarik ahulena dira. Birusaren aurkako segurtasun handiagoa nahi bagenu, beste eredu batzuetara jo beharko genuke, hala nola FPP2, plastikozkoa eta balbuladuna.

Bihar banartzen hasiko diren maskarak, bestalde. "erabilera bakarrekoak dira". Ezin dira hainbat aldiz erabili, ezin dira partekatu eta ezin dira garbitu. 4 orduz bakarrik erabili daitezke. Gero bota egin behar dira. Era berean, ez dituzte ordezkatzen oinarrizko beste neurri batzuk, hala nola eskuak garbitzea edo segurtasun-distantzia mantentzea.

Maskarak nola jarri eta kendu behar diren azaldu dute. Eskuak higienizatu behar dira lehenik eta behin. Belarrien atzean jartzen ditugun gometatik hartuta jartzen da. Inoiz ez da ukitu behar aurpegiaren gainean jartzen dugun zelulosa zatia: ez barnealdea, ez kanpokoa. Gainera, ahoa eta sudurra estali behar dizkigu, eta ez dugu partzialki kendu behar hitz egiteko, doministiku egiteko eta abar. Beste gauza garrantzitsu bat da nola bota: inork ukitu ezingo duen plastikozko poltsa batera.

494.000 maskara banatuko dituzte hiru lurraldeetan, biztanle kopuruaren eta aurreikusitako bidaiari kopuruaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Hala, 258.000 unitate emango dituzte Bizkaian, 162.000 Gipuzkoan eta 74.000 Araban.