Birjinia Arrazola: “Banekien nirekin edozer gauza eginda ere, Polizia Nazionalak inpunitate guztia zuela”

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Birjinia Arrazola: “Banekien nirekin edozer gauza eginda ere, Polizia Nazionalak inpunitate guztia zuela”
ETA KITTO 2021, Eka 30

Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko eguna izan zen atzo eta Sortuk aitortza ekitaldia egingo zuen Armeria Eskolan. Bertan torturak jasan dituzten zenbait eibartarren testigantzak batu zituen bideoa aurkeztuko zuten, tartean Birjinia Arrazolaren kontakizuna.

 

Tortura jasan duen pertsona bezala, babesa sentitu duzu noizbait?

Inguruko lagunengatik eta ezker abertzaleko organismo oso konkretuengatik bai, baina hortik haratago inongo momentuan ez digute galdetu zer gertatu zen, zergatik izan zen edo zergatik askatu gintuzten.

 

Egun horren atarian, gaiaz berba gehiago egiten denean, freskatu egiten zaizkizu oroitzapenak?

Hori inoiz ez doa burutik. Norberaren bizipenetan geratzen den zerbait da eta horrekin bizitzen ikasten duzu. Bakoitzak modu ezberdinean bizi du. Nire kasuan, ondorioak izan ditu hurrengo urteetan.

 

2002ko maiatzaren 14an atxilotu zintuzten. Nola gogoratzen duzu momentu hura?

Esnatu nintzenean Polizia Nazionala logelan nuen. Batek besotik oratu eta armairura eraman ninduen. “Jantzi zaitez, bagoaz eta”, esan zidan. Gurasoak pasilloko izkina batean zeuden niri begira. “Egoera honetan, pertsona batek zer jantzi behar du?”, pentsatu nuen armairuaren aurrean. Alkandorarik eta jertserik itxienak eta prakarik zabalenak jantzi nituen, bortxatua izateko beldur nintzelako

 

Handik hiru egunetara aske laga zintuzten. Zer gertatu zen denbora tarte horretan?

Atxilotu bakoitzaren esperientzia mundu bat da. Niretzat oso gogorra izan zen. Atxilotu ninduten lehen momentuan fijatu nintzen Polizia Nazionalak atxilotzen ninduela eta lasaitu egin nintzen (nahiz eta inongo garantiarik ez izan, Eibarko lagun asko torturatu dituelako Polizia Nazionalak). Tontokeria bat, baina tira. Banekien nirekin edozer gauza eginda ere, inpunitate guztia zutela. Beldurra zer den orduan jakin nuen.

 

Hori guztia pentsatzeak, burua prestatzen lagundu zizun?

Tira… Madrilera bidaian buruan kolpeak eta belarrondokoak eman zizkidaten. Lo egitean atseden hartzen zuten eta gero berriz hasten ziren. Gero, Madrilen, tortura psikologoa jasan nuen. Etxean Torturen Aurkako Taldearen liburuxka nuen (tortura jasateko arriskuan bazeuden, nola jokatu azaltzen zuena) eta galdeketan aurrean jarri zidaten. Bestetik, eurei interesatzen zitzaizkien galderez aparte, oso errepikakorra zen aurretik atxilotu zituzten eibartarrak aipatzea (Simone Begiristain, Ricardo Aranburu, Julen Ereñaga, Ibon Muñoa…). Eurek oso tortura gogorrak jaso zituzten. “Badakizu zer gertatu zitzaien, ezta?”, esaten zidaten poliziek. Zer egiteko gai ziren argi lagatzen zuten horrela.

 

Hiru egunez egon zinen atxilotuta. Zenbat denbora pasa zen jabetu zinen?

Ez. Ziegako argia ez zuten itzali eta ez nekien oso ondo zer egun zen. Ez nuen kontakturik inorekin. Poliziak ziegara etortzen ziren, eurekin joaten nintzen, galderak egiten zizkidaten eta bueltatu egiten nintzen. Hiru egunez etzanda egon nintzen jertsearekin buruan, argia oso gogaikarria zelako. Botak ez nituen kendu ere egin. Bortxatua izatearen beldurrarekin blokeatuta geratu nintzen.

 

Momentua noiz iritsiko zen zain?

Bai. Bestetik, ziega guztiak hodi batzuetatik daude komunikatuta eta galdeketa-gelan esaten zena entzuten zen. Adibidez, Unai Arana entzun nuen, eta orduan jakin nuen zein jenderen bila joan ziren. Galdeketak egiten zituztenean kantuan hasten nintzen, ez entzuteko.

 

Jasandako torturak eragina izaten zuen galdeketetan?

Ez dakit oso ondo zer bilatu nahian zebiltzan. Ezker abertzalean militatzeaz gain, ez nuen gauza gehiago kontatzeko. Eurek dena jakingo balute bezala jokatzen dute, baina nabarmena da ez dela horrela. Bestetik, familiarekin mehatxatu ninduten. Baina askorik ez zekiten, bikotearen aurka joango zirela esan zidatelako eta sasoi hartan ez nuen bikoterik.

 

Ez zenuen abokatuarekin egoteko aukerarik izan?

Ez. Lehendabizi forentsearengana eraman ninduten eta azterketa medikua egin zidan, argi eta garbi jakiteko zein puntutara arte jasan ahal izango nuen tortura fisikoa. Ziegatik irtetean, ostera, ez nuen forenserik ikusi.

 

Aske laga zizutenean, zer?

“Benga, bagoaz”, esan zidaten egun batean. Epaitegiko ziega batera eraman ninduten beste emakume batekin eta, hiru egunez inkomunikatuta egon ondoren, oso mesfidantza handia nuen. Ez nekien beste atxilotu bat edo txibatoa zen. Berba egiten saiatzen zen, baina nik “bai” edo “ez” bakarrik erantzuten nuen. Gero, epailearen aurrera eraman ninduten eta, joan baino lehen, poliziak mehatxua egin zidan belarrira: “Badakizu, esaten duzunaren arabera, kontuz ibili. Bestela, bueltan zatoz”. Bidean Aitor Abanzabalegirekin gurutzatu nintzen.

 

Zer moduz ikusi zenuen?

Ondo. Aitor ez zenuen sekula gaizki ikusten, baina argi ikusi da dena barrutik eramaten zuela.

 

Beste atxilotu eibartarrak noiz ikusi zenituen?

Epailearen aurretik pasa ondoren ziegan sartu gintuzten berriz. Ziega batetik bestera berba egin ahal da eta oso momentu hunkigarria izan zen. “Ni libre”, esan zuen Aitorrek, “zuek zer?”. “Ni ere”, Ikerrek. Horrela esan zuten denek eta demaseko poza izan zen. Atea zabaldu zutenean abokatua ikusi genuen paperak sinatzen. Gu pasillotik antxitxiketan hasi ginen eta abokatuak gelditzeko zioen, sinatu arte ezin ginela irten, baina handik irten nahi genuen. Familiakoak zeuden kanpoan eta “jo zaituzte?”, galdetzen zidaten.

 

Momentuan kontatu zenien gertatutakoa?

Ez. “Dena ondo”, esan nien. Shock egoeran egon nintzen denbora luzean, gertatutakoa onartzen. Kontatzea kostatzen da, baina beharrezkoa da gertatutakoa hitzez adieraztea.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »