[BIZI DEBABARRENA] Mendaro: Lizarpe gaina, Maite Maioraren eskutik

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
[BIZI DEBABARRENA] Mendaro: Lizarpe gaina, Maite Maioraren eskutik
ETA KITTO 2022, Abu 10

Makina bat aldiz zapaldutako gaina duen arren, beti iruditu zaio berezia Lizarpe ingurua Maite Maiora (Mendaro, 1980) mendiko korrikalariari. Umetako eta nerabezaroko oroitzapen asko hangotxeak ditu, eta gaur ere, sarri egiten du harako bidea, lasaitasun bila. Eguneroko entrenamenduetan maiz igarotzen da Lizarpetik, eta paradoxikoa dirudien arren, hauspoa berotuen daramanean ere hantxe hartu du ohi du arnasa ondoen. “Hango larrea, behorren zintzarriak, amen atzetik jolasean dabiltzan moxalen intziriak, bazka-bazka ari diren ardien patxada… Lasaitasuna ematen dit niri Lizarpek, arnasa, eta beste horrenbeste Gaintxipia tontorrak (626 metro)”.

Ura eta harria da Mendaro, eta horrek egiten ditu bertako parajeak horren berezi. Mendaro Geoparkean sartuta egon ez arren, Geoparkeko kostaldearen ederra begi kolpe batez ikusteko talaia ezin hobea da Gaintxipia mendia. Alde batera, Deba-Zumaia arteko kostaldea, Lastur eta Itziarko mendi-gainak; beste aldera inguruko mendi-tontor mitikoak: Oiz, Anboto, Erlo, Udalaitz… “Zer ez da ikusten han goitik! Bizi garen lekuan bizitzeagatik, zein zorionekoak garen konturatzeko ere balio du hara igotzeak”, dio. Igoera errazeko mendia da Gaintxipia. Mendaroko plazatik 4 kilometro pasatxoko bidea dago errepidez Lizarperaino, eta handik gora, 330 bat metro. Baina mendia aisialdirako duenak eta kilometroak pilatzeko afizioa duenak nekez aukeratu ohi du bide zuzena. Lizarpera zortzi bihurguneen bidetik igotzea gustukoagoa du Maiorak. “Bide zoragarria da, Kilimon bailaran barneratzeko”.

 

Distantzia Mendaroko plazatik: 4 kilometro

pasa dago oinez Lizarpera, bide zuzenetik. Handik Gaintxipia tontorrera (626 metro) 300 bat metro.

Zailtasuna: Erraza

maite maiora

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »