Carmelo Urdangarin gure kolaboratzaile-ohia hil da

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Carmelo Urdangarin gure kolaboratzaile-ohia hil da
ETA KITTO 2021, Mai 15

Atzo hil zen, 89 urterekin, Deban jaiotako ekonomialari, idazle, enpresari eta kultur arloko ekintzaile ezaguna. Beila Elgoibarko Etxeberria tanatorioan (Santa Klara, 16 – Markinarako errepidean) antolatu dute gaurko, goizez 11:00etatik 13:30era eta arratsaldez 16:00etatik 19:00ak arte.

Peritu-ikasketak eta merkataritza-irakaskuntzako ikasketak egin ondoren, jarduera profesionalean hainbat enpresatan zuzendaritza-karguak bete zituen, hala nola, Orbea, Euskadiko Kutxa (enpresa-barrutia) eta Danobaten, azken horretan jubilatzeko 1997an. Kutxa eta Lagun Aro entitateetako zuzendaritza-organoetako kidea ere izan zen eta, 2009tik 2014ra arte, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren Fundazioaren patronoa. Deban eraiki nahi zen zentral nuklearraren aurka aritu zen, ehundaka hitzaldi emanez.

Hainbat hedabidetan jardun izan du kolaboratzaile; esaterako, Euskadi Irratian, Herri Irratian, inguruko egunkarietan eta baita gure astekarian ere, bi sasoitan. Ekonomia, historia eta etnografiari lotutako “Eskulangintza eta ofizio tradizionalei” buruzko 4.600 artikulu inguru eta hogei liburu baino gehiago idatzi zituen, euretako askotan Jose Maria Izaga lagun zuela. EHU-k antolatutako graduondoko ikastarotan ere hartu du parte, batez ere Kanpo merkataritzari buruzkoetan.

Gure eskualdean urtero banatzen den Gure Balioak Saria eman zioten, 2013an, sariaren IV. edizioan. Aranzadi Elkartearen, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren Fundazioaren partaidea ere izan da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »