Debabarreneko Energia Bulego Birtuala aurkeztu dute

Debabarreneko Energia Bulego Birtuala aurkeztu dute
2021/10/14 eta kitto!
Aurrerantzean, Debabarrenak Energia Bulego Birtuala izango du. Haren bitartez, energia eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien instalazioari buruzko informazioa zein aholkularitza zerbitzua eskura izango dute eskualdeko bizilagunek eta bizilagun komunitateek. Argindar fakturaren gaineko kontsultak ere egin ahal izango dira. Zerbitzu berria Debegesaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Debabarreneko udalen arteko elkarlanaren emaitza da.

Energia Bulego Birtualean, etxeko energia berriztagarriei zein energia berriztagarrien instalazioei buruzko kontsultak egin ahal izango dituzte herritarrek zein bizilagun komunitateek.

 

Eguzki-plakak, etxetresna elektrikoak, argindarraren faktura…

Adibidez, eskuratu ahal da panel fotovoltaikoei, panel termikoei zein geotermiari buruzko informazioa. Kontsultatu ahal da, baita ere, etxeko birgaitze iraunkorreko obrei buruz. Adibidez, igogailua instalatzeari edo aldatzeari buruz, teilatuak birgaitzeari buruz, berogailuen instalazioari buruz zein fatxadetako lanei buruz.

Kasu horietan, informazio xehea ematen du Energia Bulego Birtualak: zer eta nola funtzionatzen duten, instalazioak zelan egin behar diren, onurak, dirulaguntzak…

Horrez gainera, Energia Bulego Birtualaren bitartez, norbere etxeko eraginkortasun energetikoaren inguruko galderak edo kontsultak egin daitezke -etxetresna elektrikoei, berokuntzari, argiztapenari…buruz-. Kasu horretan, formulario bidez helarazten dira herritarren kezkak.

Eta horrez guztiaz gainera, argindarraren fakturari buruz ere galde daiteke, hura optimizatzeko aholkularitza zerbitzua barne eta erreklamazioak egiteko aukera barne.

Egindako kontsultak gehienez ere hamar egun baliodunetan erantzungo dituzte, idatziz. Bestalde, inprimakiak betetzeko laguntza behar izanez gero, hitzordua eska daiteke Debegesan -943 82 01 10-.

Debegesa4_tokikom_700x700

Elkarlanaren emaitza

Gaur goizean, eguaztena, aurkeztu dute Energia Bulego Birtuala, Debegesaren egoitzan, Eibarren. Aurkezpen ekitaldian izan dira Debabarreneko udal guztietako alkateak edo ordezkariak, Diputazioko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatu Ignacio Asensio, Debegesako presidente Gilen Gartzia eta Debegesako bestelako ordezkariak, adibidez, Juan Angel Balbas zuzendaria.

Prentsaurrekoan esplikatu dutenez, Energia Bulego Birtualaren helburua da “erantzunkidetasunean oinarritutako energia-kultura bultzatzea, energiaren erabilera arduratsua sustatzea eta instalazio eraginkorrak eta energia iturri berriztagarrietan oinarritutako energia kultura zabaltzea”.

Aurkezpena bera egin dute Gilen Gartziak -Debegesako presidentea-, Ignacio Asensiok -diputatua- eta Jon Iraolak -Eibarko alkatea-. Hirurek azpimarratu dute Energia Bulego Birtuala dela erakunde guztien arteko elkarlanaren emaitza. Asensio diputatuak gaineratu du, besteak beste, energiaren egoera larria kontuan hartuta, “denon lana” dela horri buelta ematea eta Iraola alkateak adierazi du zerbitzu berriaren helburua dela ohitura arduratsuak bultzatzea, inguru “jasangarria eta osasuntsua” sortzeko.

Momentuz, abenduaren 31ra bitartean egongo da erabilgarri Energia Bulego Birtuala. Helbidea honakoa da: energia.debegesa.eus.