Debabarreneko ESIko lanpostu bat ezabatu izanaren aurka agertu dira Gizarte Laneko elkargoak

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Debabarreneko ESIko lanpostu bat ezabatu izanaren aurka agertu dira Gizarte Laneko elkargoak
ETA KITTO 2023, Ira 28

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gizarte Laneko elkargoek Debabarreneko ESIan arlo horretako lanpostu bat ezabatu izana salatu dute, herritarrei arreta soziosanitarioa emateko gizarte-langileak “funtsezkoak” direla argudiatuz. “Gauzak horrela, egoera hori salatu duten bi ospitaleetako profesional guztiei gure babesa eskaini nahi diegu”, diote elkargoek prentsa ohar batean.

Elkargoen ustez, “osasunaren barruan alderdi soziala balioetsi behar da. Gizarte Laneko profesionalek gaixotasun-prozesuan sor daitezkeen zailtasun emozionalei, ekonomikoei eta sozialei aurre egiten laguntzen dute, gaixoek behar dituzten baliabideak eta zerbitzuak eskura ditzaten erraztuz”.

Elkargoarentzat ezinbestekoa da gogoeta egitea Osakidetzaren egungo egoerari buruz eta gizarte-lanak osasun-arretan duen garrantziari eta premiari buruz. “Aldi berean, onartezina iruditzen zaigu gaur egun Osakidetza Estatuko osasun-zerbitzu bakarretakoa izatea lehen mailako arretan (anbulatorioak) gizarte-langileak egotea bermatzen ez duena”, diote.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »