Debabarreneko zaborren gaikako bilketa %2 inguru igo da urte eta erdian

Debabarreneko zaborren gaikako bilketa %2 inguru igo da urte eta erdian
2021/09/06 eta kitto!
Debabarreneko Mankomunitateak jakinarazi duenez, 2020an Debabarreneko zaborren gaikako bilketa %54,02koa zen, eta, hamabi hilabete geroago, 2021aren hasieran, %55,26ra igo zen. 2021eko ekainean, gaikako bilketa %55,99koa zen. Beraz, urte eta erdian, eskualdeko gaikako bilketa ia %2 igo da. "Datu positiboak saltokietan eta ostalaritzan egindako kanpainei, herritarrak kontzientziatzeko eguneroko lanari eta, jakina, herritar guztien inplikazioari dagozkie”, Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakariaren berbetan.

Mankomunitateak Plan Estrategikoa aurkeztu zuen 2020ko ekainean eta 2030erako gaikako bilketaren %70a lortzeko helburua ezartzen da bertan, hori lortzeko gakoak azalduz. Harrezkero urtebete pasa da eta orain jakitera eman dituzten datuen arabera, Mankomunitateak positibotzat jo du denbora horretan gaikako bilketak eskualdean izan duen bilakaera.

 

Sentsibilizazio-kanpainak

Zenbait kanpaina egin dira herritarrak sentsibilizatzeko eta Debabarreneko gaikako bilketa hobetzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituen diru-laguntzei esker, establezimendu eta saltokietan gaikako bilketa hobetzeko kanpainak egin ziren 2020an: bisitak egin ziren fruta-dendetara, pintxoak zituzten tabernetara eta jatetxeetara zatiki organikoaren bilketa hobetzeko, eta baita saltokietara ere, merkataritza-kartoiaren bilketa hobetzeko.

Ecovidriorekin lankidetzan, kanpaina bat egin zen Eibar, Ermua, Mutriku eta Debako tabernetan beiraren birziklapena errazteko eta haien beharrei erantzuteko. Eta, Ecoembesen eskutik, "Horian zer?" kanpaina jarri zen martxan, herritar guztiak sentsibilizatzeko helburuarekin, edukiontzi horira bota daitezkeen eta bota behar ez diren hondakinei buruz informatzeko.

Mankomunitateak kanpaina handi bat ere egin zuen Gabonetan birziklapena sustatzeko, eta Olentzerok, Errege Magoek eta Santa Klausek herritar guztiei lagundu zieten hondakinak hobeto bereizten eta edukiontzi egokietan uzten.