Diman eukaliptoak kentzen ibili dira Eibarko Baso Biziak taldeko eta Eibarko Gaztetxeko kideak

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Diman eukaliptoak kentzen ibili dira Eibarko Baso Biziak taldeko eta Eibarko Gaztetxeko kideak
ETA KITTO 2021, Eka 14

Zapatuan eukaliptoak kentzen aritu ziren Eibarko Baso Biziak taldeko eta Eibarko Gaztetxeko kideak Dimako baserri bateko lurretan, baserritarraren baimenarekin. Azaldu dutenez, “goizak denetarako eman zuen. Lurgaia Fundaziokoak, Plataformako jendeak lagunduta, 09:30erako eukaliptoak botatzen hasiak ziren Dimako baserri baten terrenoetan, eta gure taldea hamaiketakoa egiteko puntu-puntuan iritsi zen. Asmoa zen eguerdian Plataformak eman behar zuen prentsaurrekoari sostengua ematea eta segidan eukaliptoak botatzera joatea. Baserrikoek sekulako hamaiketakoa prestatu ziguten bertaratu ginen guztioi. 50 lagun inguru elkartu ginen, Arratiakoak, Berriatuakoak, Donostiakoak, Amurriokoak, Lezokoak, Soraluzekoak, Bergarakoak, Eibarkoak… Sekulako giroa zegoen eta elkarren berri izateko eta talde bakoitzaren gorabeherak komentatzeko, lagunekin egoteko aprobetxatu genuen”.

Ondoren, Lurgaia Fundaziokoek eta Baso Biziak plataformakoek (ekimen honetan dauden herri guztietako elkarteen bilkura) prentsaurrekoa eman zuten eta, horren ostean, eukaliptoak botatzera joan ziren, “baita lan txukuna egin ere. Guztiok gogotsu geunden aizkora eta aihotzarekin eukalipto gazteak astintzeko. Eukalipto zaharrenak larrutu genituen, urte baten edo biren bueltan ustel zitezen. Denok ikasi genuen zerbait berria deseukaliptazioari eta bertako basoari buruz”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »