Edukiontzietatik kanpo agertzen diren zabor poltsa kopuruarekin kezkatuta, neurriak hartuko ditu Mankomunitateak

Edukiontzietatik kanpo agertzen diren zabor poltsa kopuruarekin kezkatuta, neurriak hartuko ditu Mankomunitateak
2020/10/15 eta kitto!
Edukiontzietatik kanpo agertzen den zabor poltsa kopurua kezkagarria da Mankomunitatearentzat, eta herritarrei gogorarazten die, isunak jartzen hasi nahi ez badute ere, "arau hauste arina dela eta 300 eurorainoko isuna ezarri daitekeela zabor poltsak edukiontzi kanpoan uzteagatik".

Alarma egoeraren aurretik, egunero 1.000 kg. hondakin inguru jasotzen ziren eskualde osoan edukiontzieatik kanpo utzitako poltsetan. Konfinamenduan kopuru hau murriztu bazen ere, uda ondoren berriro gora egin du eta 800kg-ko langa gainditu du irailean. "Mankomunitateak egunero biltzen ditu poltsa hauek herriak garbi mantentzeko helburuarekin, baina herritarrei deia egiten diegu zabor poltsak edukiontzi barruan sar ditzaten", adierazi dute.

Mankomunitateak gogorarazten du zabor poltsak edukiontzietatik kanpo lagatzea arau hauste arina dela ordenantzaren arabera, eta ondorioz 300 euro arteko isuna ezarri daitekeela portaera okerra duten herritarrei.  Pentsa-ohar baten bidez azaldu dutenez, "Mankomunitatearen helburua ez da isunak jartzen hastea, baina jarrera aldaketa bat ikustea ezinbestekoa da eta dei egiten diegu oraindik ere zabor poltsak kanpoan uzten dituzten herritarrei jarreraz aldatu dezaten". Urteak dira eskualdeko edukiontzien ondoan zabor poltsak agertzen direla. Mankomunitatea jakinaren gainean dago aspalditik, eta "gauero pasatzen da langile bat herrietatik poltsa hauek jasotzera. Zoritxarrez, kasu batzuetan goizean goiz uzten dituzte poltsa hauek edukiontzien kanpoan eta egun guztia igarotzen dute kalean, itxura txarra emateaz gain, ingurumen arazoak sortuz", diote.