Edurne Zenarruzabeitia: “Sanblasko opilak banatzeko ohitura polita da”

Edurne Zenarruzabeitia: “Sanblasko opilak banatzeko ohitura polita da”
2020/01/31 10:44
eta kitto!
Sanblasko opilak egiteko amaren errezeta herrira zabalduko du Edurne Zenarruzabeitiak. Izan ere, opilak egiteko ikastaroa eskainiko du bihar Portaleko sukaldean, 11:00etatik 13:00etara, Arrate Kultur Elkarteak antolatutako ekimenean. Eibarko gozo famatua egiteko erabiltzen duen errezetaren sekretuak kontatu dizkigu. Belaunaldiz belaunaldi jasotako ondarea.

 

- Nola ikasi zenuen sanblasko opilak egiten?

Amarengandik ikasi nuen. Berak beti egin izan ditu opilak, mordo bat (etxekoentzat, bere ahizparentzat...). Ezkondu nintzenean bere etxera jaisten nintzen sanblasko opilak egitera (etxean horrela deitu diegu beti opilei, ‘sanblaskopilak’) eta gero nire etxera eramaten nituen batzuk. Ondoren, ama indar gutxiagorekin zegoenean, nire etxean hasi nintzen opilak egiten eta batzuk eramaten nizkion. Erreleboa hartu nion.

- Urteekin errezeta aldatu duzu ala amak irakatsitako modu berean jarraitzen duzu opilak egiten?

Errezeta aldatzen hasi nintzen, amak txerri-gantza erabiltzen zuelako eta nik gurina, baina amaren errezetara bueltatu nintzen berriro. Amak dena eskuekin egiten zuen eta nik, ordea, irabiagailua erabiltzen dut masa loditu arte, baina bestela amak bezala egiten dut. Ez dizkiot limoia edo horrelakorik botatzen.

- Zuen errezeta ezagutzera eman daiteke?

Bai, noski, ez du sekretu handirik. Hamabi arraultza erabiltzen ditut sei opil egiteko. Hiru arraultzaren zuringoak aparte uzten ditut gaineko blanketa egiteko, eta beste guztia katilu batean jartzen dut. Libra eta erdi azukre gehitzen diet arraultzei, eta hartzen duen irina botatzen diot. Nik kilo eta erdi irin dut apuntatuta, baina eskatzen duena bota behar zaio. Masa mostradorean itsasten ez denean, orduan dago ondo. Gero legamia (zorro bat), 150 gramo txerri-gantz eta anis-esentzia (pote osoa) botatzen diot. Irina gehitzen diot pixkanaka eta oratzen hasten naiz. Irabiagailuak buelta gehiago eman ezin dituenean, mostradore gainean ipini eta eskuekin oratzen dut. Irina bota eta oratu, masa eskuekin hartu ahal izan arte. Sei bola egin eta arrabolarekin zabaltzen ditut (amak ardo botilarekin egiten zuen). Forma eman eta labanaren puntarekin bi mozketa txiki egiten dizkiet puntak egiteko. Bestetik, aparte lagatako zuringoak elur-punturaino irabiatzen ditut, 300 gramo azukre-hauts gehitzen dizkiot eta 10 minutuz irabiatu egiten dut. Blanketa egiteko nahasketa hori aparte lagatzen dut eta sei zatiak labean sartzen ditut (nire labean binaka sartu ahal ditut). Berotzen direnean, labetik atera eta silikonazko espatularekin blanketa jartzen diot. Gero, lehortzen uzten dut. Lehen gau osoan uzten nituen, baina gaur egun lehenago lehortzen zaizkit (ez dakit berogailuarengatik den edo zer). Guztiak lehortzen direnean gorde egiten ditut, bedeinkatu arte gure etxean ez direlako sanblasko opilak jaten. Gero, seme-alabei, ilobei, senarraren tailarrekoei (nahiz eta orain jubilatua dagoen)... banatzen dizkiet.

- Hori da politena, sanblasko opilak banatzea?

Ez da komeni guztiak etxean lagatzea (barreak). Nire amaren ahizpa bat Azkoitian bizi zen eta pare bat opil eramaten zizkion, adibidez. Ohitura polita da.

- Etxe bakoitzean modu batean egiten dira sanblasko opilak?

Atso batek esan zidan bere ahizpak esne-gaina erabiltzen zuela. Bigunagoa izango dela pentsatzen dut. Bestetik, gurina erabiltzen dute askok. Sanblasko opilak egiteko modu ezberdinak daude.

- Txokolatezko sanblasko opilak ere egiten dira. Sakrilegioa da hori?

Blanketa duen sanblasko opilak gustatzen ez zaizkionarentzat izango direla pentsatzen dut, txokolatearekin jango dutelakoan. Sakrilegiorik ez dago, bakoitzak nahi duen moduan egiten du. Amak ‘San Blas’ idazten zuen txokolatearekin blanketaren gainean. Adibidez, niretzat oso bigunak diren opilak ez dira sanblasko opilak, gurean beti izan direlako gogorrak, baina tira.

- Gaur egun urte osoan zehar erosi daitezke sanblasko opilak. Erosten dituzu?

Nik sasoi honetan bakarrik egin eta jaten ditut. Pellekin ere berdin, aratosteetarako egiten ditut eta kitto.