Ego ibaiaren egoera bertatik bertara ezagutzeko irteera egin zuten zapatuan, Baso Biziak taldearen eskutik

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Ego ibaiaren egoera bertatik bertara ezagutzeko irteera egin zuten zapatuan, Baso Biziak taldearen eskutik
ETA KITTO 2022, Ots 07

Barne formakuntzarako saioa egin zuen Eibarko Baso Biziak taldeak zapatuan. Jose Fran Cid geografo eibartarrak gidatu zuen Sallabente auzoan hasi eta Urkizun amaitu zen ibilbidea. Ego ibaiaren egoera eta ingurumena ezagutu eta berreskuratzeko ibilbide gidatua izan zen eta, irteeran parte hartu zutenek, isurketa-puntuak, hidrologia, uren kalitatea, fauna eta flora, hirigintza kudeaketa, historian zehar izandako eraldaketak eta aurkikuntzak, hiri-tarteak, ingurumena lehengoratzeko esku-hartzeko aukerak eta zailtasunak aztertu zituzten, besteak beste. Saioan parte hartzeko gonbidapena, bestalde, Udaleko Ingurumen arduradunari eta talde politiko guztietako ordezkariei egin zieten.

Eibarko Baso Biziak taldetik adierazi dutenez, “gure ibai eta erreken osasunak duen garrantzia azpimarratu nahi izan dugu. Gaur egun, nahiz eta hainbat azpiegitura burutuak dauden jada, ur zikinen isurketek jarraitzen dute (Mallabian, Ermuko tarte batean….) eta, gure ustez, ibai eta erreken itxura eta egitura nabarmen hobetu daitezke. Horretarako, oso garrantzitsua da gizarte osoaren inplikazioa. Alde batetik, ordezkari politiko zein erakundeek dute azpiegitura berrien kudeaketan eta erreken jatorrizko egitura naturala berreskuratzeko ardura. Baina bestetik, Eibar garbiago eta naturalago bat lortzea nahi badugu, ezinbestekoa da Eibarko bizilagunen partehartzea, ingurugiroa errespetatuz eta zainduz”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »