Egoaizia GKEko kideek gertutik ezagutu dute Etiopiako Tigray eskualde zigortuko egoera

Egoaizia GKEko kideek gertutik ezagutu dute Etiopiako Tigray eskualde zigortuko egoera
2023/03/13 17:18
eta kitto!
Etiopia iparraldeko Tigray eskualdean bi urteko gerra zibila jasan du eta gudak krisi humanitario larria eragin du. Horregatik, Egoaizia Eibarko Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) lankidetza-proiektuak jarri ditu abian bertan, eta Lierni Fernandez eta Iñaki Serrano elkarteko kideek zuzenean jarraitu ahal izan dituzten bertan egiten diharduten lanak.

Fernandez eta Serrano Arriskuak eta Hondamendiak Kudeatzeko Batzordearekin bildu ziren Mekelen (Tigrayko hiriburuan). “Oraindik ere kalteak ebaluatzen ari zirela esan ziguten”, diosku bikoteak. Era berean, mundu mailako erakunde humanitario nagusien ordezkariak biltzen ziren bilera batera joan ziren. “Han erronka eta behar nagusiak aztertzen ziren, sektore guztiak kaltetuta eta hondatuta baitaude”, kontatu digute. “Bilera hartan parte hartu zuen lehen aldiz USAID Estatu Batuetako Nazioarteko Lankidetza Agentziako ordezkari batek. Mr. Marshall zirudien, eta aste osoan ikusi genuen pertsona zuri bakarra izan zen. Hauxe galdetzen zuen: “Nola iraun duzue bizirik bi urte hauetan?” Dirudienez, txiroenen arteko elkartasunari, Tigray kanpoko familia eta lagunen sareari, eta kontrabandistek edo koioteek ekarritako diruari esker izan zen”.

Egoaizia elkartekoen arabera, “lantegiak itxita daude oraindik, ez dago enplegurik eta jendeak bi urte daramatza soldatarik kobratu gabe. Ikastetxeek eta unibertsitateek 3 urte daramatzate itxita (koronabirusaren krisiaz geroztik), eta, beraz, haurrek ezin izan dute hezkuntzarik jaso. Gatazkan iraun duen bitartean, tropek erabili dituzte ikastetxeak, eta gorpuak daude oraindik ikasgeletan, eta patioetan lurperatuta. Une honetan, gerra-eremuetatik aterpe bila joan ziren biztanleek Mekeleko 28 ikastetxe okupatzen dituzte, ikasgeletan lo eginez, beren herrixketara itzultzen ausartu gabe”.

 

Gatazka armatua

Egoaiziakoek kontatu digutenaren arabera, “2020ko azarotik gatazka armatua garatu da Tigray Askatzeko Herri Frontearen (FPLT, Tigrayn agintean dagoen alderdia) eta Etiopiako gobernu federalaren artean, azken hau Amhara talde etnikoaren miliziek eta tropa eritrearrek lagunduta. Gatazkak izugarrikerian murgildu du lurraldea, 2022ko azaroan Amerikako Estatu Batuek (AEB) bultzatuta edo erdi-behartuta liskarrak etetea erabaki zuten arte, AEBk gatazkaren eremua egonkortzeko interesa zuelako”.

Tigrayko etniakoak Etiopiako biztanleriaren % 6 edo 7 baino ez dira, baina urteetan herrialdeko indar politiko nagusia izan ziren. 2018tik aurrera ordea, gobernu federalak Tigrayko agintarien purga hasi zuen, eta Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak errepresaliak hartu ditu FPLTren eta Tigrayko herritarren aurka. “Egun batetik bestera, Gobernu zentralak Tigrayko lurreko eta aireko mugak itxi eta  produktuak eta salgaiak eskualdera sartzeko modua itxi zituen; elektrizitatea eten zuen; telekomunikazioak eta kapitalen mugimendua blokeatu zituen, bankuetatik dirua ateratzea ezinezkoa izan zedin. Oinarrizko elikagaien eta osasun-horniduren falta gertatu zen, merkatuko prezioen inflazioarekin batera, eta duela gutxi arte ez da utzi elikagaien eta sendagaien laguntza humanitarioa ematen”, GKEren arabera.

Gerrak krisi humanitario “larria” eragin du, “etnia minoritarioaren aurkako giza eskubideen urraketa larriekin”, Egoaiziaren berbetan. “Kalkuluen arabera, 600.000 pertsona hil dira; 5 milioi pertsonak etxetik alde egin dute eta barne-desplazatuak izaten jarraitzen dute; azpiegitura kritiko asko (osasun-zentroak, ur-hornidura) eta nekazaritza-baliabide asko suntsitu egin dira; pertsona askok senideak, ondasunak eta bizirauteko baliabideak galdu dituzte; biztanleriak gosea eta desnutrizioa jasaten ditu pobrezia-ingurune batean, beti ere lehorte latzak jasateko arriskuaren menpe”.

IMG_20230221_145308 1677610465870

Egoaiziaren proiektuak

Egoaiziak kaltetutako landa-komunitateen errehabilitazioa sozioekonomikoan laguntzeko helburuarekin jarri ditu martxan proiektuak, elikagaien segurtasuna hobetuz eta bizirauteko bitartekoak berreskuratuz, eta arreta berezia eskainiz sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta familiaburu diren emakumeei (senarrek gerran edo espetxean jarraitzen dute oraindik), aberriratutako desplazatuei eta gazteei.

GKEk laguntza psikosozialarekin lotutako jarduerak egin nahi ditu gerraren biktima izan diren komunitateak berriro gaitzeko eta ahalduntzeko, motibazio-prestakuntzaren eta informazio-trukearen bidez, bereziki, kafe-zeremoniak eginez. “Komunitate traumatizatu bat aurkitu dugu han. Herritarrek kanpoko tropen (indar eritrearrak, federalak eta Amharak) dronen, bonben eta artilleriaren bonbardaketa jasan dute, eta azpiegitura eta jabetza asko arpilatu eta suntsitu dizkiete. Oraindik ere ikaratuta daude”, diote Egoaiziakoek.

Egoaiziaren proiektuak, bestalde, laguntza ekonomikoa ematea du helburu, nekazaritza- eta abeltzaintza-prestakuntza eta -gaikuntzaren bidez, eta laborantza-haziak, nekazaritza-tresnak, ardiak eta oiloak, bai eta eztia ekoizteko erle-erlauntzak erosten eta banatzen.

P1230063

Zuzeneko bizipena

Hona hemen Egoaiziako kideek bidaian zehar bizi izandako beste pasarte batzuk: “Bi egunez Agulaeko landa eremua bisitatu genuen, non tropa eritrearrak beren gogora egiten eta desegiten ibili ziren: zibilak exekutatzen, etxeak arpilatzen, emakumeak bortxatzen…

Gure bisitan, 80 ardi eta 120 oilo banatu genizkien sexu-indarkeriatik bizirik atera ziren emakumeak buru zituzten 80 landa-familiari. Gainera, ereindako landa eremuetara bisita bat egin genuen, nekazaritza-materialeko 40 ekipo eta produktu kimikoetako 40 ekipo emateko nekazari txikiei”.

“Eskualdeko Nekazaritza Bulegoak eta tokiko agintariek familia behartsuenen artean hautatu zituzten familia onuradunak. Hala ere, guztiek eskatu zuten babesa jende gehiagorengana zabaltzea”.

“Jendeak oso egoera zaila bizi izan du eta bizitzen jarraitzen du. Gure laguntza oso ongi etorria izan zen, bi urtetan ez baitzuten kanpoko laguntzarik jaso. Aitzindariak izan ginen, lehenengoak; izan ere, Mendebaldearen eta GKE handien arreta guztia Ukrainan egon da, gainerako hondamendi humanitarioak ahaztuta. Gainera, kazetariek Tigrayn sartzea debekatuta izan dute”.

“Bereziki hunkigarria izan zen bortxaketak jasan zituzten emakumeen testigantza zuzena jasotzea: haietako bat negarrez ari zen gogoratzean nola soldadu eritrearrengandik ihes egiten saiatu zen, baina harrapatu eta bortxatu egin zuten bere seme-alaben aurrean; edo beste batek kontatu zuen kanpamendu batera eraman zutela, eskuak lotu, kolpatu eta 15 soldaduk bortxatu zutela. Askatu ondoren, diskriminazioa jasan zuten, eta seme-alabei jaten emateko gorriak ikusi zituzten: auzokideen laguntzari esker eta utzi zieten apurra gaizki salduz biziraun zuten. Guztiek aitortu zuten kafearen zeremonietan elkarrekin esperientziak trukatzeak laguntza psikologiko handia ekarri ziela”.

“Wukrora ere joan ginen, Lierni Etiopian bizi izan zen 7 urteetatik 5 urtetan bizi eta lankidetzan lan egin zuen hirira, bere lagunak bisitatzera. Bi urtez ezin izan du haiekin hitz egin, eta euren beldurrak, sufrimenduak eta gerra-gertakariak kontatu zizkiguten”.

“Kontatu ziguten familia bakoitzak bi kide gazte zeuzkala Tigrayko armadan borrokan, eta oraindik kanpamentuetan gaizki bizitzen jarraitzen zutela, tropa eritrearrak iparraldean baitaude oraindik. Degarrek kontatu zigun haurdun zegoela bi astez kobazulo batean ezkutatuta bizi izan zirela; Mahader erizainak kontatu zigun nola lortu zuen soldadu zauritu bat salbatu eta Mekeleko ospitalera eramatea; eta Semerek azaldu zigun funtzionario publikoa zenez gerra irakasle izendatu zutela taktika militarrak irakasteko, gorputzez gorputz borrokatzeko eta armak erabiltzeko, nahiz eta aurretik bere bizitzan eskuetan armarik hartu ez zuenean”.

“Azken batean, biztanle guzti-guztiek zuten partekatzeko istorio bat. Tigrayko jendea bereziki maitagarria, atsegina eta irribarretsua da, eta, aldi berean, bere etniaz harro dago. Orain itxura serioagoa eta kezkatuagoa dute. Gerra batean, biztanleria zibila da ahulena eta kaltetuena. Afrikako esaera zahar bat gogorarazi zigun Effrenek, Wukroko Saint Mary's lanbide eskolako irakasleak, zeinek laster klaseak eta ikasleak itzultzea espero duen: "Bi elefante borrokan ari direnean, belarra da sufritzen ari dena"”.

IMG_20230221_155847 IMG_20230222_142920