Egogain egoitzako langile eta egoiliarrei koronabirusaren probak egingo dizkiete gaur

Egogain egoitzako langile eta egoiliarrei koronabirusaren probak egingo dizkiete gaur
2020/04/14 07:30
eta kitto!
Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak atzo aipatu zuenaren arabera, gaur egingo dizkiete koronabirusaren probak Egogain gerontologikoko langile eta egoiliarrei. Aldundia probintziako zaharren egoitzen “mapa zehatz” bat egiten diharduela adierazi zuen bozeramaileak, “birusak kaltetutako pertsona kopuru zehatza ezagutzea, egoiliarrena zein langileena, sintomatikoak edo asintomatikoak izanda ere, kutsatze arrisku maila identifikatzeko eta momentu bakoitzean hartu beharreko neurriak zehazteko”. Horretarako, Osakidetza test azkarrak eta PCRak bateratzen ari da lurraldeko egoitza zentro guztietan Gipuzkoako sei OSIen bidez.

Dagoeneko egin dituzte probak Gipuzkoako hainbat zaharren egoitzatan, eta gaur tokatuko zaie Egogain gerontologikokoei. Test azkarren iritsierarekin, sintomarik ez duten pertsonei test bikoitzak egiten zaizkie: lehendabizi test azkarra egiten zaie, eta positibo eman ala ez, PCR froga ere egiten zaie. Modu horretan, bi frogak bateratuta, kasu asintomatikoak, gaixotasuna pasa dutenak eta inmunizatuta daudenak, eta momentuan gaixo daudenak detektatzea posible da.