Atzo 115 kasu positibo atzeman ziren EAEn, 63 Gipuzkoan

Atzo 115 kasu positibo atzeman ziren EAEn, 63 Gipuzkoan
2020/07/18 eta kitto!
Osakidetzak azken astean (larunbatetik ostiralera arte) 25.000 PCR proba baino gehiago egin ditu, atzo 4.997.  Atzo, 115 kasu positibo detektatu ziren: 9 Araban, 43 Bizkaian eta 63 Gipuzkoan. Azken egunotan, biztanleen behaketak indartu ditu, Gipuzkoako udalerri batzuetan egon den transmisioa gelditzeko.


 Datuen bilakaera ikusita Osasun Sailak eta Osakidetzak beharrezkotzat jotzen dute, prebentziozko eta behin-behineko neurri gisa, zenbait murrizketa hartzea Euskadiko zentro soziosanitarioetan. Horrela, 3 Foru Aldundiek, osasun-agintarien gomendioei jarraituz, prebentzio-neurri batzuk jarriko dituzte abian: egoiliarren irteerak murriztuko dira, baina bisitak jaso ahal izango dituzte, nahiz eta mugatuta egongo diren. Halaber, eguneko zentroak itxi egingo dira. Gainera, Eudelekin batera, udalekuak aldi baterako ixtea erabaki da.


Neurri horiek prebentziozkoak dira, eta datozen egunetan berrikusiko dira, Nekane Murga Osasuneko sailburuak adierazi duenez.


Murgak gaur gogorarazi du "maskara jendearekin elkartu gaitezkeen edozein espaziotan erabiltzeko betebeharra dagoela, bai bide publikoan, bai leku itxietan. Derrigorrezkoa da, era berean, egoki erabiltzea; alegia, sudur-trenkadatik kokotseraino estali behar du".


Bestalde, Osakidetza abian jartzen ari den prebentzioko esku-hartzeak kontsultatzeko kanal ofizialak erabiltzeko dei egin du, "zurrumurruak zabaldu ez daitezen".