Eibar eremu gorritik irten da

Eibar eremu gorritik irten da
2021/05/03 eta kitto!
Azken hiru egunetan 17 koronabirus kasu positibo gehiago atzeman dituzte Eibarren eta herria eremu gorritik irten da 382,18ko intzidentzia-tasarekin. Beraz, bihartik aurrera herritik irten ahal izango gara eibartarrok eta herria eremu gorrian zegoenean ostalaritzan ezarritako neurriak arinduko dituzte.

Eskualdeko beste herriei begira, Ermua eremu gorritik irten da 399,53ko intzidentzia-tasarekin (zortzi kasu berri azken hiru egunetan), Debak eremu gorrian jarraitzen du 1.265,36ko tasarekin (zazpi positibo berri), Elgoibar eremu laranjan dago 337,95ko tasarekin (bederatzi positibo berri) eta Mutriku eremu laranjan dago 376,36o tasarekin (kasu bakarra azken hiru egunetan). Bestetik, Soraluzen hiru kasu berri atzeman dituzte azken hiru egunetan eta Mendaron bakarra.

EAEn atzo, 8.363 test diagnostiko egin ziren, eta, haietatik, 506 positiboak izan ziren.

Lurraldeen arabera: 38 Araban, 268 Bizkaian, 191 Gipuzkoan eta 9 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan.¡

Ospitaleen egoera dela eta, COVIDaren ondorioz 45  pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVIDa duten 195 pertsona ZIUn daude.