Eibarko Baso Biziak taldekoak zuhaitz autoktonoak landatzen aritu dira Elgoibarko lurretan

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Eibarko Baso Biziak taldekoak zuhaitz autoktonoak landatzen aritu dira Elgoibarko lurretan
ETA KITTO 2021, Urt 18

Elgoibarren, Zirardamendi inguruan zuhaitz autoktonoak auzolanean landatzeko Lurgaia fundazioak egindako deiari erantzunez, 40 bat boluntario bildu ziren zapatuan zuhaitzak landatzeko. Eibarko Baso Biziak eta Soraluzeko Baso Biziak elkarteetako kideek ere hartu zuten parte zuhaitz landaketan eta, eibartarrek azaldu digutenez, “bertan 300 zuhaitz baino gehiago landatu ditugu, haritzak, gurbitzak, urkiak, baso udareondoak eta otsalizarrak, batipat. Ea Eibarren ere lortzen dugun horrelako ekimenak aurrera eramaten”.

Lurgaia biodibertsitatearen eta Euskal Herriko basoen kontserbazioan lanean ari den irabazi asmorik gabeko fundazio bat da eta, orain dela hilabete batzuk, lurjabeekin erabilera lagatzeko akordioa lortu zuten: “Baso autoktonoak berreskuratzeko eta zaintzeko lur-jabeekin adostutako kontserbazio-hitzarmena da eta, akordio horri esker, hamahiru hektareako lursoruan baso autoktono bat berreskuratzeko zuhaitz landaketak egingo ditugu, bertako espezieak landatuz. Bizpahiru urtean hasiko dira aldaketak igartzen eta, landatutako zuhaitzek hamar bat urte barru izango dute tamaina polita, baina ehun bat urte beharko dira benetako bertoko baso bat izan dadin”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »