Eibarko eta Ermuko udalek akusazio partikular gisa jardungo dute Zaldibarko luiziaren auzian

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Eibarko eta Ermuko udalek akusazio partikular gisa jardungo dute Zaldibarko luiziaren auzian
ETA KITTO 2020, Ots 27

Eibarko Udala, Ermukoarekin batera, akusazio partikularra izango da Durangoko epaitegiak Zaldibarko zabortegiko luiziaren harira irekitako auzian. Kasua instrukzio fasean dago Durangoko (Bizkaia) 1. Instrukzio Epaitegian. Azken astean aukera ezberdinak aztertu ostean, bi udalek auzian interesdun gisa aurkeztea erabaki dute, gertatutakoaren nondik norakoak ikertu eta erantzukizunak argitu daitezen.

Hainbat adituri kontsulta egin eta bide ezberdinak aztertu eta gero, bi udalek Bilboko Acies Abogados abokatu bulegoaren zerbitzuak kontratatu dituzte. Adierazi dutenez, “Ermuko eta Eibarko Udalek elkarrekin landu dugu gertaera honen inguruan egin beharrekoa, modu koordinatuan eta lankidetzan, baita beste hainbat alorretan egin beharrekoa ere. Beraz, 1. Instrukzio Epaitegian elkarrekin aurkeztea erabaki dugu, baita abokatu bulego berbera kontratatzea ere”.

Berretsi egiten dute lurperatutako bi pertsonak –Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran– berreskuratzeko eta haien familien beharrei erantzuteko ahaleginei lehentasuna ematen jarraitu behar dela.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »