Eibarko (eta inguruko) iturrien zerrenda osatu du Javi Charolak

Eibarko (eta inguruko) iturrien zerrenda osatu du Javi Charolak
2021/06/11 eta kitto!
Gaitz askoren iturri izan da COVID-19a, baina badago alde txarrari buelta ematen jakin duen jendea. Zenbait hilabetetan zehar Eibartik irten ezinda egon garenez, herriko mugek lagatzen ziguten neurrian, gure bazterrak deskubritzeko aukera aprobetxatu dute askok. Aspaldi ikusi bariko tokietan izan gara eta, batzuetan, nahiz eta udalerri berean bizi, Eibarren bertan inoiz egon ez garen gauzak ikusi ditugu. Javi Charolak, adibidez, herriko iturrien zerrenda eta argazkiak egiteko aprobetxatu du pandemia. Bere lana eibartarron eskura laga du, informazio bikainarekin, lana osatu edo, beste barik, berak aurkitu dituen iturriak bisitatzeko gonbidapen gisa.

 

Badator uda eta, horrekin batera, beroa. Herriko mendietan bueltaren bat ematen baduzue eta botilan daramazuen ura amaitzen bazaizue, lasai, ziur izan zuengandik gertu iturriren bat duzuela. Izan ere, Javi Charolak egin duen ikerketarekin jakin dugunez, 70 iturritik gora daude Eibar eta inguruetako mendietan.

Javi Charola “asko mugitzen den pertsona” da, bere esanetan, eta pandemiari eusteko ezarritako neurriek asko mugatu zuten bere ohiko jarduna. Eibartik irten ezinik, herriko mendietan ohikoak diren ibilbideak egiten hasi zen. “Kalamuara, Galdaramiñora… Ohiko tokietara joaten nintzen”, kontatu digunez. Orduan, betiko ibilbideetatik irten nahian, gauza bat bururatu zitzaion. “Argazkilaritza asko gustatzen zait, baita mendia ere, eta arlo biak uztartu nahi izan nituen. Orduan, ez dakit nola, Eibarko iturrien argazkiak egitea oso ondo egon zitekeela pentsatu nuen”, diosku. Esan eta egin, 2020ko abenduan mendiko botak jantzi eta mendira jo zuen iturri bila.

Bilaketa hasi aurretik, iturrien zerrenda egin zuen berak ezagutzen zituenak eta han eta hemen galdetuz aurkitu zituenak apuntatuz. “Interneten Eibarko, Elgetako, Mallabiko… mapa toponimikoak begiratu nituen eta, gero, Google Mapsen iturrien koordenadak zehaztu nituen”, azaldu digu.

Aurrelana egin ondoren, iturrien argazkiak egitea zen hurrengo eginkizuna, eta oso gustora egin arren, ez zen hain lan sinplea izan. “Iturri batzuk aurkitzea ez da erraza izan eta kasu batzuetan bi edo hiru aldiz itzuli behar izan naiz koordenadek zehazten zuten tokietara. Iturri batzuk zainduta daude, baina beste batzuk abandonatuta”, kontatu digunez. “Zentzu horretan, baserritarrek asko lagundu didate, eta baita lehengusu batek ere. Bera bizikletan ibiltzen da eta nik 10 kilometro egiten baditut, berak askoz gehiago egin ditzake. Hark eman zidan han eta hemengo iturri batzuen berri”.

Charolak ez daki zenbat kilometro egin dituen proiektua gauzatzeko, baina ez zaio axola izan. “Etxetik irtenda eibartarrok ibili ohi garen tokietako iturrietara joatea izan zen abiapuntua. Orduan, buelta bat ematera irteten nintzenean, bidean zein iturrirekin topo egin nezakeen begiratzen nuen eta horrela joan nintzen argazkiak egiten”, diosku.

Eibartarrok, ostera, herriko mugetatik irteten gara askotan eta inguruko herrietan sartzen gara mendi bueltak egiten ditugunean. Beraz, Charolak pentsatu zuen aproposa izan zitekeela Eibartik kanpoko iturri batzuk proiektuaren barruan sartzea, Eibarkoak izan ez arren asko ezagutzen ditugulako. “Galdaramiño, Egoarbitza eta horrek Elgeta dira, baina sartu egin behar nituela pentsatu nuen. Elgetatik Bergarara bidean dauden iturriak, ostera, ez”, azaldu digu.

Presentación de PowerPoint Eibar iparraldeko iturrien mapa

 

Iturria errekaren barruan

Charolak hiru hilabete inguru behar izan ditu Eibar eta inguruko iturriak dokumentatzeko eta zenbait bitxikeria gertatu zaizkio. “Adibidez, Mallabian Bolueta iturriaren bila ibili nintzen, baina ez nuen aurkitzen. GPSak esaten zidan 20 metrotara nuela, baina ez nuen inondik inora ikusten. Hirugarren saiakera egin nuenean baserritar bat ikusi eta galdetu egin nion. Berak barrez erantzun zidan: ‘Badakizu non dagoen? Errekaren barruan’. Eta horrela zen! Errekaren barrutik hodi bat ateratzen da eta hortik dator ura”, dio harriduraz.

Badira, baita ere, dokumentatu ezin izan dituen iturriak. “Badago bat, Asurtzan, aurkitu ez nuena. Pinadi batean ibili nintzen bila, baina ezer, ez dago iturririk”, esan digu. “Eibarko mapa toponimiko bi erabili ditut, bata 2002koa eta bestea 2020koa, eta 2002koan agertzen diren iturri batzuk ez dira agertzen 2020koan”, Charolak dioenez, “eta Elgetako mapa pixka bat desastrea da. Adibidez, Galdaramiñoko eta Egoarbitzako iturriek Klub Deportiboaren ikurra dute, baina ez dira mapan agertzen”. Eta bestetik, bazeuden izenik ez zituzten iturriak, eta kasu horretan zilegi iruditu zitzaion berak izendatzea, zerrendan sartzeko gutxienez.

Egoarbitzan beste bitxikeria bat gertatu zitzaion. “Ez nuen iturria aurkitzen eta ehiztari bat agertu zen txakurrarekin. Iturria non zegoen bazekien galdetu nion eta esan zidan han ez zegoela iturririk, urteak zeramatzala han ehizan eta inoiz ez zuela iturririk ikusi”, diosku. “Mapan, ostera, iturria zegoela jartzen zuen eta, bai, mapa zuzen zegoen. Handik 50 metrotara aurkitzen zen eta ehiztari hark ez zuen sekula ikusi. Kasu batzuetan bide zaharrak daude, erdi galduta, eta baliteke jendeak ez ikustea. Gainera, kasu horretan, oso iturri polita da Egoarbitzakoa”, gehitzen du.

Hainbeste iturriren artean, Charolak badu gustokoena. “Elgetako Atxilu iturria gustatzen zait. Miraballes baserriaren inguruetan dago, karobiaren behealdean, Asentzio azpian”, esan digunez.

Bolueta Bolueta

 

Askak, labaderoak eta hiriguneko iturriak

Landa-guneetako iturriak jasotzeaz gain, Charolak zenbait aska eta labadero dokumentatu ditu, eta jatorria iturburu batean duten Eibarko hiriguneko iturriei ere argazkiak egin dizkie. “Ez nintzen aska edo labaderoen bila ibili, baina bidean eurekin topo egiten nuen eta argazkiak egin nizkien, kokapena zehazteaz gain. Hala ere, gehiago daude”, argitzen du. Barandoguena, Aristi, Sosola, Pagolatxabola, Sumendixa, Lezeta, Arikitxabekoa, Gaztelu eta Altzubarrenekoak jaso ditu, besteak beste. Herriko iturriak, ostera, bai, den-denak jaso ditu liburuan, eta 14 dira guztira.

Lana atsegin handiz eta musutruk egin du. Horrela, www.deporeibar.eus webgunean Mendi Batzordeak duen atalean dago ikusgai PDF formatuan eta esteka baten bitartez iturriak kokatuta agertzen diren mapa batera jo daiteke.

Presentación de PowerPoint Atxilu