Eibarren egindako Pantxo Villaren pistola bat oparitu dio Kubako presidenteak Mexikokoari

Eibarren egindako Pantxo Villaren pistola bat oparitu dio Kubako presidenteak Mexikokoari
2022/05/25 08:25
eta kitto!
Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentea Kuban egon zen orain dela pare bat aste lan-bidaian, eta ez zen esku hutsik itzuli, Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak opari berezi bat egin baitzion: Pantxo Villa iraultzaile mexikarraren pistola bat.

38 milimetroko errebolberraren bidaia jasotzen duen artikulua argitaratu du El Pais egunkariak eta, bertan azaltzen denez, pistola horrek Eibarren izan zuen bidaiaren hasiera.

‘Iriondo y Guisasola’ armagileek egin zuten pistola 1910. urtearen inguruan, altzairuarekin eta urrearekin. Testuan azaltzen denez, Francisco I. Madero Mexikoko presidenteak enkargua egin zuen Jose Doroteo Arango ‘Pantxo Villa’-rentzat pistola egiteko, eta horrela oparitu zion, “Aberriari eskainitako adoreagatik”.

Arma Kubara nola iritsi zen misterioa da oraindik, baina itxura denez iraultzaile beterano batek eraman zuen irlara eta, gero, Eusebio Leal Spengler Habanako historialariaren eskuetan erori zen. Orain, Mexiko Hiriko Antropologia Museoan dago ikusgai, ‘Iraultza’ aretoan.