Elikagaien Bankuak 400 eibartar ingururi laguntza eskaintzen die hilero ()

Elikagaien Bankuak 400 eibartar ingururi laguntza eskaintzen die hilero ()
2021/02/12 11:02
eta kitto!
Elikagaien Bankuak egoitza bi ditu Gipuzkoan, bata Oiartzunen eta bestea Bergaran. Bergarakoa arduratzen da Urola, Goierri, Debagoiena eta Debabarrena eskualdeetan laguntza eskaintzeaz eta bertan izan gara Jose Mari Beitia arduradunarekin eta Visi Fariñas Eibarko boluntarioarekin. Azken bi hilabeteetako datuen arabera, 2020ko abenduan 461 lagunek jaso zuten laguntza Eibarren eta 2021ko urtarrilean 362 lagunek.




Elikagaien Bankuaren biltegia Bergarako San Juan auzoan dago, Elgetara doan errepidearen alboan, eta joan ginenean hainbat boluntario zebiltzan lanean eguneko bidalketak prestatzen eta gauzak behar den tokian jartzen. 70 boluntario egoten dira han, baina nahi izanez gero gehiago izan zitezkeen. “Boluntario izan nahi duen jende askoren eskaera asko jaso dugu, baina momentuz ondo konpontzen gara daukagun jendearekin, gaur egun hartu behar diren neurriekin ez garelako ondo sartzen”, esan digu Beitiak. “Lazkaotik, Ordiziatik, Arrasatetik, Eibartik eta beste toki batzuetatik etortzen dira eta demaseko konpromisoa dute”, bere ustez. “Hori bai, boluntario gehienak nahiko helduak dira, gazteenak 62 urte ditu, eta ondo egongo litzateke jende gazteagoa etortzea”.

Elikagaiz beteriko palet multzoak ikusten dira biltegian eta oso ondo kontrolatzen dute guztia. “Espainia mailan sistema berria jarri dugu martxan, den-dena informatizatua, eta horrela hobeto kudeatu daiteke jasotzen eta entregatzen duguna”, arduradunak dioenez. Elikagaien Bankuan serio egiten dute lan eta gogor saiatzen dira duten baliabideekin ahalik eta jende gehienaren beharrak asetzen.

 

Hiru euskarri

Elikagaien Bankua hiru euskarritan finkatzen da. “Batetik, hilero ematen duguna dago. Hau da, produktu ez galkorrak”, azaldu digu Beitiak. “Udalek hilaren lehen egunetan esaten digute zenbat lagunek jaso beharko duten laguntza eta horren arabera sortak prestatzen ditugu garbantzuekin, dilistekin, arrozarekin…”.

Bigarren euskarria azken minutuko elikagaiek osatzen dute. Hau da, produktu freskoek. “Hor problematika bat dago. Izan ere, elikagai batzuk beste batzuk baino hurbilago daude iraungitze-datatik. Arazoa konpontzeko, biltegiko boluntarioek egunero aztertzen dute zer dagoen eta horren arabera elikagaiak banatzen ditugu. Banaketa egunero egiten da, baina kopuruak aldatu egiten dira”, esan digunez.

Hirugarren euskarria Europatik datozen produktuek osatzen dute. “Jendeak duen beharren arabera Europari eskaera egiten zaio eta Espainiako Nekazaritza Ministerioaren bitartez bideratzen da. Horrela, Europa mailan nekazaritzan dauden soberakinak ekartzen dizkigute urtean lau aldiz”, dio Beitiak. “Soberakinak direnez, dagoenarekin moldatzen gara”.

 

Elikagaiak eta dirua biltzeko kanpainak

Elikagaien Bankuak bi kanpaina nagusi egiten ditu urtean zehar elikagaiak biltzeko, udaberrian eta udazkenean. Aurrez aurrekoak izaten dira eta 2020an ezin izan zuten udaberrikoa egin. Azaroaren amaieran, ostera, beste zerbait asmatu egin behar izan zuten, pandemiak eragindako egoerara egokitzeko. “Normalean supermerkatuetan elikagaiak jasotzeko guneak jartzen ditugu eta jendeak elikagaiak uzten dituzte bertan, baina oraingoan beste sistema bat bilatu behar izan dugu. Horrela, jendeak erosketak egiteko orduan donazioa egiteko aukera izan zuen bonoen bitartez”, diosku Beitiak. Bonoak supermerkatuen esku geratu ziren eta Elikagaien Bankuak produktuak lortu ahal izan zituen bonoen truke.

Aurtengo egoera berezia izan bada ere, kanpainetan antzerako diru-kopurua jaso du Elikagaien Bankuak, “pixka bat gehiago agian”. Gainera, partikularrek bankuen bitartez egindako diru-ekarpenei dagokionez, “askoz ere gehiago jaso dugu, ia bikoitza”, dio arduradunak. “Horrela, jendeari elikagai eta produktu gehiago eman ahal izan dizkiogu azkenengo bi hilabeteetan, baina horrek ez du esan nahi urte osoan horrela izango denik”, bere berbetan.

Hilean 22 kg inguru ematen dituzte pertsona bakoitzeko. “Momentuz ondo gabiltza laguntza eskaini ahal izateko”, dioenez. Hala ere, gauza bat argi laga nahi dute: “Elikagaien Bankua ez da irtenbide bat, laguntza bat baizik”. Momentuz ondo dabiltza, baina hemendik hilabete batzuetara nork daki. Horregatik, egitasmo berriak pentsatzen dihardute elikagaiak eta dirua biltzeko.

Urtarrilean, adibidez, ekimen berezia jarri zuten martxan Eibarren. Lankidetza-hitzarmen baten bidez, Udalak Elikagaien Bankuaren esku laga zituen Ignacio Zuloagaren 27 koadro. Margolanak herriko denden erakusleihoetan daude ikusgai eta Elikagaien Bankuak zozketa egingo du euro baten truke txartelak erosten dituztenen artean. “Kanpaina martxa onean doa, espero genuena baino hobeto”, Fariñasen berbetan.

Zuloagaren koadroak Cedry, Closet, Corral, Dandara, Doroti, El Vestidor, Gratzina, Guby Hombre, Helmet House, Ikusimakusi, Irritsa, Kopiña, La Guinda, Lola’s, Lua, Muma, No Comment, Nona, Oihal, Roca, Sastreria Azpiri, Twins, Umea, Urdanibia, Vieco, Xare eta Zuri Zuri dendetan egongo dira martxoaren 19ra arte.

Kanpaina bereziez gain, enpresek ekarpenak egiten dituzte eta erakunde publikoek diruz laguntzen diote Elikagaien Bankuari. “Baina ez bakarrik beharra dutenei laguntzeagatik, baizik eta ingurugiroaren alde egiten dugun lanarengatik”, diosku Beitiak. “Izan ere, guk egiten dugun lanari esker produktu galkor asko ez da xahutzen”.

 

Eibarren, 400 lagun inguru

Elikagaien Bankuak emandako zifren arabera, 362 pertsona nagusik eta 30 haurrek jaso zuten laguntza 2020an Eibarren. Beraz, zenbakiek gora egin dute azken urtean, 2019an 313 pertsona nagusik eta 29 haurrek jaso zutelako. Joera orokorra da, Bergaratik kudeatzen diren lau eskualdeetan %20 igo delako laguntza behar izan dutenen kopurua.

Orain arte, Elikagaien Bankuaren laguntza jaso duten familia gehienak migranteak izan dira, “baina azken hiruhilekoan joera ezberdina ikusi dugu, jatorri euskaldun edo espainiarreko familiak gero eta gehiago direlako”, Beitiaren berbetan. Zergatik aldaketa hori? “Laguntza eskatzeko lotsa galdu dutelako edo behar handia dutelako”, bere ustez.

Elikagaien Bankuaren laguntza Udalen bitartez bideratzen da. Eibarren kasuan, Gizartekintzak aztertzen du familia bakoitzaren kasua. Familien egoera aztertu ondoren laguntza behar dutela erabakitzen bada, gutun bat bidaltzen zaie eta horrekin (erroldatze-orriarekin batera, iruzurra ekiditeko) elikagaiak jaso ahal dituzte hilean behin.

Visi Fariñasek boluntario bezala egiten du lan Eibarren eta familientzako elikagai-sortak prestatzen ibiltzen da, besteak beste. “Pertsona kopuruaren arabera familia bakoitzari zer egokitzen zaion esaten digute, eta guk sortak prestatzen ditugu”, kontatu digunez. “Azken bi hilabeteei begira, adibidez, abenduan 186 sorta (461 lagun) banatu genituen eta urtarrilean 149 (362 lagun)”.

Gurutze Gorriko boluntarioek egiten dute banaketa eta Fariñasek esker oneko berbak ditu eurentzat. “Jende gazte asko etorri da azken aldian eta demaseko lana egiten dute”, bere ustez.

Boluntario-lana nekeza da, baina Beitiak eta Fariñasek atsegin handiz egiten dute. “Gerriko, bizkarreko eta eskuetako minarekin joaten naiz etxera, baina oso ondo sentitzen naiz hemen egiten dugun lanarekin”, aitortzen du arduradunak. “Ni zorioneko sentitzen naiz laguntzeagatik”, dio Fariñasek.

Elikagaien Bankuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bancoalimentosgipuzkoa.org da euren webgunea, 943 76 21 90 Bergarako telefonoa eta bergara@bancoalimentosgipuzkoa.org helbide elektronikoa.

Elikagaien Bankua web1 Elikagaien Bankua web2 Elikagaien Bankua web3 Elikagaien Bankua web4