Elikagaiak alferrik ez galtzeko proiektua jarri dute martxan Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak

Elikagaiak alferrik ez galtzeko proiektua jarri dute martxan Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak
2022/04/20 eta kitto!
Proiektuak helburu du Eibarko Hezkuntza Esparruko jangelan elikagaien xahuketa edo hondapena murrizteko diagnostikoa eta ekintza-plana egitea, eta, ondoren, iraungitze data duten elikagaiak kolektibo ezberdinei banatzeko sistema bat proposatzea, hauen xahuketa saihesteko. Proiektu pilotu bat da, eskualdeko jantokietako elikagaien xahutzeari buruzko ezagutza praktikoa lortzeko, eta, ondoren, Debabarreneko jantoki publiko guztietan jardunbide egokiak ezarri ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzak proiektua hautatu du garapen jasangarria sustatzeko diru-laguntzen lerroaren baitan, eta, beraz, 15.771 euroko diru-laguntza jasoko dute erakundeek proiektua garatzeko. Enraiza Derechos erakundeak gauzatuko du proiektua. Proiektu pilotu bat da, eskualdeko jantokietako elikagaien xahutzeari buruzko ezagutza praktikoa lortzeko, eta, ondoren, Debabarreneko jantoki publiko guztietan jardunbide egokiak ezarri ahal izateko.

Elikagaiak alferrik ez galtzeko diagnostikoa eta ekintza-plana
Hezkuntza Esparruko jantokian bertan diagnostiko bat egingo da lehenik, Aste Santuaren ondoren. Egun 200 pertsonek gosaltzen, jaten eta afaltzen dute bertan, eta horietako gehienek egoitza dute ostatu.

Azterketa lanak egingo dira sukaldean eta jangelan, eguneko hiru otorduetan, asteko 7 egunetan, menu desberdinetan ezagutzeko xahutzen diren elikagaien kopuruak, egoera orokorra eta ingurumen-baldintzak (klimatologia, azterketetatik gertu egotea edo eragina izan dezaketen beste alderdi akademiko batzuk, jaleen ohituretan eragina izan dezaketen gertaera soziokulturalak, etab.). "Proiektuaren fase hau maiatzean garatuko da, hezkuntza-komunitateak azterketa garaia hasi eta ohiturak funtsean aldatu arte", azaldu dute Makomunitatetik.

Elikagaien xahutzea saihesteko ekintza-plana ekainean eta uztailean garatuko da, modu parte-hartzailean, jantoki zerbitzuaren eta Hezkuntza Esparruaren kudeaketan inplikatutako eragile guztien laguntzarekin. Planak Elikagaien Galeren Prebentziorako Legearen aurreproiektuan zehaztutakoa betetzea du xede, catering-a edo jantoki-zerbitzua eskaintzen duten zentro sanitario, hezkuntza-zentro edo egoitzen kasuan.

Elikagaien xahutzea: mundu mailako arazoa
Munduko janari guztiaren ia bostenak etxeetako, jatetxeetako eta beste elikagai-zerbitzu batzuetako zaborrontzietan amaitzen du. Nazio Batuen Erakundeak egindako txosten baten arabera, “mundu mailako arazoa” da elikagaien xahutzea, eta ez bakarrik lehen munduko herrialdeetakoa. NBEren arabera, 2019an 931 milioi tona elikagai inguru alferrik galdu ziren, kontsumitzaileentzat eskuragarri zeuden elikagai guztien %17a zehazki.