Errefuxiatuei laguntzeko itsulapikoak

Errefuxiatuei laguntzeko itsulapikoak
2020/09/18 eta kitto!
Berez gogorra den egoera are gehiago okertu da Lesbosen (Grezia) dauden errefuxiatuentzat. Orain dela astebete Moriako esparrua kiskali egin zen eta bertan bizi diren 12.000 errefuxiatu inguru babesgabe daude orain. Egoera horren aurrean errefuxiatuentzat janariak prestatzen dituen Zaporeak elkarteak kezka adierazi du eta martxan da errefuxiatuentzat laguntza gehiago lortzeko.

 

Hainbat egunez sukaldea itxita eduki eta gero, Zaporeak elkartekoak kozinatzen hasi dira berriz. Herenegun, adibidez, 3.000 otordu kozinatu zituzten. Ohikoa baino gehiago, egoera ez delako ohikoa.

Efren Flores hainbatetan egon da han kozinatzen eta kezka handiz bizi du egoera. “Arazo handiak daude, baina gure lehentasuna ura erostea da. Otordu bakoitzeko litro bat ur ematen dugu eta diru asko behar da ura lortzeko”, dioenez.

Egun gutxitan esparru berria eraiki dute Lesbosen eta 800 errefuxiatu sartu dira bertara, baina mehatxupean. “Bestela, ez diete asilorik emango”, dio Floresek suminduta, “beste guztiak, ordea, kale gorrian daude”.

Muturreko egoera honetara iritsi aurretik, Eibarren hainbat ekintza egin dira errefuxiatuei laguntzeko “Badakigu hemen behar handiak dituen jendea dagoela, baina han bizi dena etsigarria da”, esan digu Mireia Alonsok.

Oraingoan, Zaporeakek ezer esan barik, norbanakoek eman nahi izan dute laguntza. “Datorren astean astelehenetik domekara Guridi tabernan itsulapikoa jarriko dute Zaporeakentzat dirua batzeko eta, gero, biltzen den diru-kopurua bikoiztuko dute Guridikoek”, esan digu. Guridiren proposamenarekin bat eginez, Vicuñak ere kopuru bera jarriko du.

 

Laguntzeko prest

Azken bi urteotan (15 hilabeteetan zehar, pandemia iritsi arte), hilabete bakoitzeko 3. asteko eguaztenean bildutako diru-kopurua herriko GKE bati eman dio Guridik. Orain, Lesboseko egoera ikusita, itsulapikoaren ideia okurritu zaie. “Ez da aparteko ezer”, Alfredo Coboren ustez. Errugbiarekin lotura estua izanik, “argi dugu etekinak herriko errugbiari eskaini behar dizkiogula, baina baita gizarteari ere”. Bestetik, norbaitek bere tabernan edo negozioan itsulapikoa jarri nahi badu, 679950907 telefonora deitzeko aukera dagoela esan digu Mireia Alonsok.

Zaporeaken kontuan dirua sartu nahi izanez gero, bi kontu hauek daude eskura: ES32 2095 5011 80 9115250322 (Kutxabank) eta ES71 3035 0103 88 1030035880 (Laboral Kutxa).