Etxeko egonaldia atseginagoa egiteko proposamenak

Etxeko egonaldia atseginagoa egiteko proposamenak
2020/03/14 eta kitto!
Eskuak sarritan garbitzeko; eztul egitean ahoa eta sudurra ukondoarekin edo erabili eta botatzeko zapiekin estaltzeko; gainazalak garbitzeko; sintomak (sukarra, arnas sintomak) dituzten pertsonak adinekoekin edo gaixotasun kronikoak dituztenekin kontaktuan, edo leku publiko eta jendetsuetan ez egoteko; eta urruntze-neurriak hartzeko (pertsonen artean, ahal dela, 2 metroko aldea uzteko) gomendioak eman dituzte koronabirusaren transmisioa saihesteko. Zentzu horretan, ahal den neurrian etxean geratzeko gomendatu digute, momentuz.

Egoera honen aurrean, etxeko egonaldia atseginagoa egiteko proposamenak batu ditugu:

 

GazteOn! podcasta

Etxeko kontuekin hasiko gara. …eta kitto!-ren GazteOn! atalak gazteek gazteentzako landutako gaiak batzen ditu (klima-aldaketa, inteligentzia artifiziala, ikasle bizimodua…). Gazteek eta adituek gai hauen inguruan euren ikuspuntua emateko solasaldiak egiten dituzte eta GazteOn! podcastean jasotzen dira han esandakoak. Spotify eta ivoox plataformetan entzungai. Bestetik, YouTubeko GazteOn! kanalean, atal hau martxan jarri zenean egindako bideoak dituzue ikusgai (herriko musikariak, kirola, gazte ekintzaileak, oporrak, elikadura, on-line erosketak…)

https://open.spotify.com/show/1AcKVrm2CuAcrABy409P34

https://www.youtube.com/watch?v=hM3cewAJ_-o

Eibarko Udal Artxiboaren bideoak

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, Udal Artxiboak 1994ko bideoa berreskuratu zuen, urte horretan …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatuta egin zen mahaingurua gogora ekarrita: ‘Feminismoa eta gazteak’ izenekoan Andoni Aizpuru eta Anne Igartiburu ETBko aurkezle gazteak eta Maialen Lujanbio Zugasti eta Jesus Mari Irazu bertsolariak egon ziren parte hartzen. Bideo honetan bezala, herriko historiaren parte diren irudiak daude ikusgai hainbat bideotan.

https://www.youtube.com/watch?v=mcSYTvhz7UA

Juan San Martin liburutegiaren katalogoa

Eibarko liburutegiak atzo sare sozialetan aipatu bezala, liburutegi digitala 24 orduz dago zabalik. “Liburuak eta pelikulak deskargatzeko aukera. Oraindik ez baduzu zure pasahitza, deitu eta emango dizugu”. Hemen katalogoa.

eliburutegia

Egunean Behin jokoa

Egunean Behin jokoa ezagutzen ez duen euskaldun gutxi egongo da Euskal Herrian, baina despistatuta daudenentzat hor doa gure proposamena. Codesyntax enpresa eibartarrak iaz sortutako tribial estiloko galdera-erantzunen jokoak da, telefono mugikorrean jokatzeko. Egunean behin partida bakarra jokatzeko aukera ematen du eta 10 galdera erantzun behar dira. Zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago asmatu, hobe. Demaseko arrakasta izan du eta egunero 70.000 partida inguru jokatzen dira. Bota erronka lagunei!

egunean behin

Umeekin etxe barruan jolasteko ideiak

Sare sozialen bitartez iritsi zaigun pdf (4_6005636350336829168) honetan umeekin etxe barruan jolasteko 70 ideia erraz batzen dira. Abesti bat asmatzea, egunerokoa idaztea, kilimen gerra, masaiak ematea, pelikula bat bikoiztea… dira proposamen batzuk. Bestetik, …eta kitto!-ren TXIKITTO aldizkariaren aleetan umeekin egin daitezkeen errezeta eta eskulanak dituzue eskuragai.

70 ideia erraz

Filmin euskaraz eta websailak

Otsailean jaio zen Filmin Euskaraz, euskarazko lehen ‘streaming’ kanala. Dokumentalak, fikziozko filmak eta haurrentzako zintak euskaraz aurkitu daitezke ordainpeko plataforma horretan.

Bestetik, euskal sortzaileek hainbat websail egin dituzte azken urteotan, eta horren adibide dira Nomofobikak, Pikuak eta Puntu Koma.

Ikus-entzunezkoekin jarraituz, hor ditugu EITB Nahieran, Hamaika TB, Argiaren multimedia atala eta Berria TB, besteak beste.

filmin euskaraz

Euskarazko jokoak

Jokoak aipatzen baditugu, Kalamuako Parlamentua aipatu behar dugu, gure herria ezagutzeko joko paregabea. Bestetik, hor ditugu jolasak.eu, ETB3 kanalaren webguneko jokoen atala edo Azkue Fundazioaren EuskalPlay aplikazioa.

kalamuako parlamentua

#EtxetikZuzenean

Aiora Mujikak (@probatxoa) Twitterren zabaldu duen proposamena da #EtxetikZuzenean ekintza. Euskal artistei zuzendutako ekimena da, zuzeneko Instagramean, etxetik mugitu gabe, 30 minutuko kontzertuak egiteko. Parte hartzeko interesa duenak etxetikzuzenean@gmail.com helbidera idatzi dezake.

  Proposamen hauez gain, euskal txiolariek beste hainbat proposamen egin dituzte etxeko egonaldia atsegina izan dadin. Horren adibide da, Txerra Rodriguezek (@garaigokoa) egin duen zerrenda.  





 

Proposamen gehiago badituzue, atsegin handiz batuko ditugu zuen ideiak.

 

Badakizue, etxean geratu, ingurukoak zaindu eta arduratsuak izan. Zaindu dezagun geure burua, guztiok batera elkarlanean aurre egingo diogu egoera honi.