Fatxadak zaharberritzeko edota igogailuak jarri eta aldatzeko dirulaguntzak %10 handiagoak izango dira aurten

Fatxadak zaharberritzeko edota igogailuak jarri eta aldatzeko dirulaguntzak %10 handiagoak izango dira aurten
2019/07/17 07:33
eta kitto!
Aurten fatxadak zaharberritzeko edota igogailuak jarri eta aldatzeko dirulaguntzak % 10 handiagoak izango dira iazkoen aldean.





Eibarko Udalak igogailuak jartzeko eta aldatzeko obrak egiteko eta fatxadak zaharberritzen laguntzeko dirulaguntza programaren deialdi berri bat jarri du abian 2019. urte honetarako. Aurten ere % 10 handitu da egiten den obra bakoitzeko emango den gehieneko diru-laguntzaren kopurua.  Modu horretan, "sendotu egiten da auzo-komunitateekin betidanikoa den konpromisoa, irisgarritasuna hobetzeko eta fatxadak berriztatzeko". Laguntza horiei erantzuteko, 2019ko aurrekontuetan 200.000 euroko partida bat ezarri da.

Honako lanak izango dira diruz lagunduko direnak: fatxadak zaharberritzea, igogailuak jarri edo ordeztea, igogailuak zero-kotara jaistea pegoratik irisgarritasuna bermatzeko (lehendik dauden desnibelak kenduz) edota plataforma jasotzaileak jartzea.

Aurtengo dirulaguntzen deialdian ezartzen dira zeintzuk diren laguntzak jaso ahal izateko baldintzak.

Dirulaguntza jarduera osoaren aurrekontuaren % 10 izango da, eta hauek izango dira gehieneko zenbatekoak: igogailu berria jartzeagatik, ematen den laguntza ez da 9.000 eurotik gorakoa izango; igogailu zaharra kendu eta zero kotatik jartzeko obra egiteagatik edo lehen igogailurik ez zuten beste solairu berri batzuetara heltzeagatik, zenbatekoa ez da izango 6.750 eurotik gorakoa; igogailua ordeztu edo modernizatzeagatik, 4.500koa izango da emango den gehieneko laguntza, eta arrapalak, plataformak edo desnibelak gainditzeko beste obra batzuk egiteagatik, 2.250 eurokoa izango da gehieneko zenbatekoa. Kasu guztietan, % 10 gehitu da diruz lagundutako kopurua, aurreko urtean aurreikusitakoarekin alderatuta.

Fatxaden kasuan, eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko xedez egiten diren jarduketak saritzeko baldintza mantentzen da. Udal dirulaguntzaren zenbatekoa hiru aukera hauetatik txikiena izango da:  jarduketa-kostuaren % 10; berriztutako fatxada metro koadro bakoitzeko 6 euro; edo 12 euro fatxada metro koadro bakoitzeko, fatxada berriztatzeaz gain, eraikinen inguratzailearen isolamendu-obrak egin eta urteko energia-eskaera murrizten bada.  Hortik aterako den zenbateko horri, erakunde publikoek fatxadak konpontzeko egitea exijitu dutenagatik sortutako aparteko kostu horren % 20ra artekoa gehi dakioke; eta, —aurtengo berrikuntza—, amiantoa erretiratzeagatik sortutako kostuena. Nolanahi ere, dirulaguntza hori jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da, zaharberritzearekin, eraikinak gutxienez C kalifikazio energetikoa lortzea edo bi letratan hobetzea berritzea egin baino lehen zuen kalifikazio energetikoa.

2019ko programa honetako dirulaguntzak jasotzeko, eskaerak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko eta urte honetako azaroaren 20an itxiko da. Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten komunitateek dirulaguntzaren deialdia irakur dezakete eta www.eibar.eus udal webgunearen "Tramiteak eta zerbitzuak" ataleko "Bekak, dirulaguntzak eta laguntzak" apartatu horretan sakatu eta eskaera-orriak jaitsi. Eskaerak, Pegora bulegora egin behar dira eskatutako dokumentazioa eskaerari erantsita.