Formatu birtualean egingo den Uni Encounter topaketa zapatu goizean abiatuko da

Formatu birtualean egingo den Uni Encounter topaketa zapatu goizean abiatuko da
ETA KITTO 2021, Mar 04
Zapatutik aurrera formatu birtualean egingo den Uni Encounter jardunaldian hartuko du parte Udalak hirugarren urtez jarraian, eta Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bidez babesa emango dio. UNI Eibar – Ermua Bigarren Hezkuntzako Institutuko Informatika Sailak antolatzen duen ekimenak aurten 17. edizioa beteko du eta antolatu dituzten jarduerek martxoaren 12ra arte iraungo dute. 
Edizio honetan, Discord parte hartzeko plataformari esker, ikus-entzunezko lanak egiteko eta ekitaldia Twitch bidez zuzenean jarraitzeko aukera egongo da. Hain zuzen ere, aurtengo berritasun nagusia formatua izango da. Izan ere, pandemiaren eraginez aforoa murriztu behar denez, modu birtualean egingo dute Uni Encounter. Nahi duenak har dezake parte, aldez aurretik izena emanda. Parte hartzea doakoa da, baina online parte hartu nahi dutenek jardunaldien webgunera (https://uniencounter.uni.eus/) jo beharko dute eta bertan izena eman, parte hartzeko esteka jasotzeko. Egitarau osoa ere bertan kontsultatu daiteke.
Jardunaldian eskainiko diren ekitaldiek, funtsean, izaera dibulgatiboa eta teknikoa dute, eta horrez gain, alderdi ludikoa, informatikaren eta zibersegurtasunaren arloko pertsona garrantzitsuen hitzaldiak, tailer praktikoak eta sareko joko-lehiaketak edo eSports-ak ere antolatu dituzte.
Topaketa zapatu goizean, 11:00etan hasiko da, aurtengo edizioaren aurkezpenarekin. Jarraian, Angel Bahamontesekin analisi forenseari buruzko ziber-elkarrizketa egingo da; 11:30ean Maitane Valdecantosek jabetza intelektualari buruz egingo du berba eta, ondoren, 12:00etan, zibersegurtasunari buruzko elkarrizketa egingo diote Floren Molinari; 12:30ean ideien lehiaketa aurkeztuko dute eta 12:40an Mikel Bermejo “Plantxa-gizonaren” emanaldia eskainiko dute; 13:10ean eSports aurkeztuko da eta, jarraian, FIFAe finala hasiko da; League of Legends-en finala 13:45ean hasiko da eta, topaketa agurtzeko, 15:30ean Valorant-en finala jokatuko dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »