Ikasturte hasiera: Motxila beteta iraileko aldapan gora

Aste honetan ekin diote 2026/27 ikasturteari Eibarko ikastetxeetan
Ikasturte hasiera: Motxila beteta iraileko aldapan gora
2026/09/11 13:27
Ekhi Belar Errasti

Irailaren hasierarekin batera, berriz bete dira herriko ikastetxeak. Batzuentzat lehen egunak izango dira, beste batzuek azken urteari egingo diote aurre, nahiko antzera jarraitzen dute batzuek eta aldaketa askori egin beharko diete aurre beste batzuek. Moduren batean edo bestean, ekainera arte euren hezkuntzarako garrantzitsua izango den ikasturtea dute aurretik.

 

Eibarko ikastetxe batzuek eraberrituta egingo diete aurre 2026/2027 ikasturteari. Izan ere, udan hutsik egon direla aprobetxatuta, hainbat lan egin dituzte Sansaburun, San Andresen eta Arrateko Andra Marin, “natura hurbiltzeko, atseden eta jolaserako gune atseginagoak sortzeko eta beroari aurre egiteko babes klimatikoak eskaintzeko helburuarekin”, Udaleko Ingurumen eta Gazteria sailetik esan digutenez.

Alde batetik, eskolen patioak “naturalizatu” dituzte, esan dutenez, eta horrek “hezkuntza-komunitatearentzat espazio erosoagoak, jasangarriagoak eta inklusiboagoak eskainiko ditu”. Eta, bestetik, eguzki-plakak ere jarri dituzte, “energiakontsumoa eta emisioak murrizten laguntzen dutenak”.

 

Haurren kopurua behera

Hori oso ondo dago, baina eskoletan ezinbestekoak direnak haurrak dira eta, urtetik urtera, gero eta haur gutxiago ditugu herriko ikastetxeetan. Eibarko hezkuntza-sarean Haur Hezkuntzako (HH) eta Lehen Hezkuntzako (LH) matrikulazioen bilakaera aztertuz gero, jaiotza-tasaren beherakadak herrian duen eragina ederki islatzen da azken bi ikasturteetako datuetan.

Iazko eta aurtengo ikasturte hasieretan lortu ditugun datuen arabera, Haur Hezkuntzan jaitsiera orokor eta nabarmena gertatu dela ikusi dezakegu: matrikulatutako haurren kopurua %8,9 gutxitu da urtebetean, 820 ikasletik 747ra igaroz. Beherakada hau Eibarko ikastetxe guztietan ikusi da, salbuespenik gabe: JA Mogel ikastolan 260 haur izatetik 236 izatera igaro da, La Sallen 183 ikasletik 172 ikaslera, San Andresen 146tik 131ra, Aldatzen 90tik 88ra, Urkizun 70tik 61era, Amañan 37tik 31ra eta Arrateko Andra Marin 34tik 28ra.

Eibarko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan 2.257 ikasle daude matrikulatuta, iaz baino 95 gutxiago

Lehen Hezkuntzan, aldiz, ikasle kopuruaren beherakada askoz ere neurrizkoagoa izan da: %1,4 (1.532 ikasletik 1.510era). Ikastetxez ikastetxe, JA Mogel 490etik 484ra jaitsi da; San Andres 276tik 271ra; Amaña 85etik 82ra; eta Arrateko Andra Mari 94tik 85era. Bestalde, La Sallek (296) eta Urkizuk (134) iazko ikasle kopuru berari eutsi diote LHn, eta Aldatze ikastetxea izan da matrikula pixka bat handitu duen bakarra, 157tik 158ra igarota. Orotara, bi etapok gehituta, Eibarko eskoletan 2.257 ikasle daude matrikulatuta, iaz baino 95 gutxiago.

Eibarko Haur eta Nerabeen I. Tokiko Planean jasotzen denez, azken hamarkadan jaiotza kopurua %24 jaitsi da, baina azken urteetan iritsi diren etorkinei esker, “saldo natural negatiboaren efektuak arindu egin dira apur bat”, txostenak dioenez. Dena dela, epe ertainera eta luzera begira, HHko lehen mailetan gertatu den %8,9ko jaitsiera hori urtez urte LHko mailetara igarotzen joango da haurrak adinean aurrera doazen heinean, eta horrek esan nahi du hurrengo ikasturteetan LHn ere ikasle kopuruak behera egingo duela ezinbestean.

 

Haurreskolak topera

Joan den ikasturtean izandako aferen ondoren, Eibarko Haurreskoletan normaltasunera itzultzea da aurtengo helburuetako bat. Iaz herriko hainbat familia plazarik gabe geratu ostean sortutako kezkaren ondotik, Haurreskolen Partzuergoak irailean eman dituen datuek (Blas Etxebarriako Haurreskolaren datuak ez dituzte argitaratu) erakusten dute 1 urteko ikasgeletan saturazioak bere horretan jarraitzen duela:

Orbeako Haurreskolan, 1 urteko gelako 52 plazatik 52ak okupatuta daude, eta 0 urteko gelan, aldiz, 16 plazatik 11 daude beteta (5 libre); Jazinto Olaben, 1 urteko gelako 20 plazetatik 20ak okupatuta daude; Arrateko Andra Marin, 1 urteko gelako 13 plazak oso-osorik beteta daude, eta taldekatze-gelan plaza bakarra geratzen da libre; eta Amaña da 1 urteko gelan marjina txiki bat duen bakarra, 13 plazatik 9 daudelako okupatuta (4 libre), eta 0 urteko gelan 10 plazatik 2 daude beteta (8 libre).

Datu horiek argi uzten dute 1 urteko haurren zaintzari dagokionez herriko gurasoek ia ez dutela aukerarik plaza publikorik lortzeko ikasturtea hasita dagoenean, irailerako eskaintzaren gehiena erabat beteta baitago. Zaintzarako azpiegitura publikoen muga horrek zuzeneko eragina du familien egunerokotasunean, lana eta familia uztartzeko orduan zailtasunak biderkatuz. Horri aurre egiteko, adibidez, joan den ikasturtean hainbat familiek Eibartik kanpoko zentroetara eraman zituzten umeak.

 

Familien gastuak, laguntzak eta kontziliazioa

Ikasturte hasierak ahalegin ekonomiko zein logistiko handia eskatzen die familiei. Herriko eskoletan galdetuta, zaila egiten zaie eskolara bueltak familia bakoitzarengan duen kostua kalkulatzea. “Gauza batzuen kostua finkoa da, baina beste gauza batzuk gehitu behar dira familia bakoitzaren beharren arabera (jantoki zerbitzua, zaintza zerbitzua, eskolaz kanpoko ekintzak...). Horrek diru kopurua gehitzen du”, dioskue La Salletik. “Familia bakoitzak modu ezberdinean bizi du presio ekonomiko hori, beraien egoeraren eta familia bakoitzak behar dituen zerbitzuen arabera. LH-n HH-n baino material gehiago erabiltzen dute, liburu fisikoak adibidez, eta horrek zifra handitzen du”. Bestalde, Arrateko Andra Marikoen kalkuluen arabera, “familiek 120-150 euro arteko gastua dute ikasle bakoitzeko”.

Ahalegin ekonomikoaz gain, ikasturte hasierak ahalegin logistikoa ere eskatzen die familiei

Kopuru handia den ala ez familia bakoitzaren egoerak zehazten du. Batzuentzat gastu handia denez, laguntzeko prest agertzen dira ikastetxeak zein erakunde publikoak. La Salletik esan digutenez, adibidez, “aurreko ikasturtean erabilitako materialak birziklatzeko gomendatzen dugu”. Baina ez hori bakarrik. “Uste dugu batzuei ez zaiela heltzen ematen diren beka eta dirulaguntza guztiekin. Beken bitartez jasotzen duten diruak ez du estaltzen ikasturte bateko jantokia edo behar dituzten materialak, adibidez. Beraz, nola lagundu dezakegu gehiago? Dirulaguntza horiek handitzen, Udalak eskura dituen zerbitzuen bitartez... Guk, eskolan, ahal duguna egiten dugu laguntzeko”.

Eibar BHI-n, adibidez, ‘Liburu Solidarioa’ izeneko programa ezarri dute, DBHko ikasleen testu-liburuak maileguan kudeatu eta familien gastua arintzeko sistema. Horrela, irailean 81 (DBH 1) edo 85 euro (DBH 2-4) ordaintzen dira material pedagogiko eta liburuengatik, eta baldintza bakarrak dira liburuak forratzea eta ikasturte amaieran egoera onean itzultzea.

Arrateko Andra Marin honakoa kontatu digute: “Gure ikasle gehienak bekadunak dira eta ez dute materialik ordaindu beharrik. Hala ere, Guraso Elkarteren kuota ordaintzeko laguntza genuen lehen, baina iaz kendu egin zuten eta familia askorentzat ‘faena’ izan da. Ordaintzen dute, baina diru hori asko da eurentzat. Bestalde, Barnetegira joateko dirulaguntzak egotea ere eskertuko genuke. Guk erraztasunak jartzen dizkiegu gurasoei, baina batzuk ezin dute joan hala ere”.

Izan ere, arlo finantzarioari antolaketaren zama gehitzen zaio irailean. Eustaten arabera, EAEn lanean ari diren gurasoen %29,2k zailtasun handiak ditu lana eta seme-alaben zaintza uztartzeko. Erronka horri aurre egiteko, gurasoen %63rentzat lana eta familia bateragarri egiteko ordutegi-malgutasuna da neurririk garrantzitsuena.

 

Agente guztien ongizatea

Ikasturte berriaren hasierak hezkuntza-komunitateko kide guztien (ikasleen, familien zein irakasleen) ongizate sozioemozionala jartzen du erdigunean. Arrateko Andra Marikoek esan digutenez, “ez dugu arazo larririk atzematen ikasleen buru osasunari dagokionez ikasturte hasieragatik. Ikasleak gustura etortzen dira, gurasoak gustura daude... Ez da gatazka handirik egoten”.

La Sallen saretzeari ematen diote garrantzia (Gurasoen Elkartea, familiak, eskola eta parte hartzen duten agente guztiak), umeek ahalik eta modurik onenean erantzuteko ikasturte hasieran sortzen diren aldaketei eta egoera berriei.

Eibarko Haur eta Nerabeen Diagnostikoaren arabera, ikasleen % 60,2 pozik dago bere ikastetxean

Eibarko Haur eta Nerabeen Diagnostikoaren arabera, ikasleen %60,2 pozik dago bere ikastetxean, %82,6k lagunak ditu eskolan eta %60,8k sentitzen du irakasleek nahikoa edo asko entzuten dietela arazoren bat kontatzen dietenean. Hala ere, datuek estresari eta osasun mentalari lotutako arreta-seinale batzuk ere azaleratzen dituzte. Eibarko haur eta nerabeen % 25,1 normalean urduri sentitzen da, %36k nekea adierazten du eta %24,8k zailtasunak ditu lo egiteko. Gainera, adinean gora egin ahala, nerabe zaharrenek garrantzi handiagoa ematen diete familia-harremanei (hitz egiteko denbora izateari eta entzuna izateari), eskola-kargari eta eguneroko presioari aurre egiteko babes-puntu gisa.